Indarkeria matxista baztertu dute Soraluzen ere

Ubane Madera 2018ko aza. 25a, 19:37
Indarkeria Matxistaren kontrako elkarretaratzea, gaur, azaroaren 25a.

Datu ofizialak eta ez ofizialak batuta, guztira, 89 emakume hil dituzte 2018an. Halaxe azpimarratu dute Korner Morea elkarte transfeministako ordezkariek Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko egunaren mobilizazioen bueltan. #MeToo proiektua aurkeztu dute lehenengo eta elkarretaratzea egin dute ondoren. 100 herritar pasak parte hartu du Plaza Berrian egindako salaketa ekitaldian.

Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela gogora ekarri dute gaur Soraluzen ere 100 herritar baino gehiagok. Indarkeria Matxistak Baititu Milaka Aurpegi leloarekin, elkarretaratzea egin dute Plaza Berrian. Adin eta sexu guztietako herritarrek parte hartu dute, eta baita kolore guztietako ordezkari politikoek ere.

89 emakume hilda

2018a “argi-ilunen urtea” izan dela azpimarratuta, Korner Morea elkarte transfeministako kideek gogora ekarri dute Euskal Herrian 7 emakume hil dituztela aurten, Estatuan, berriz, 45 emakume hil dituztela eta hiru adin txikiko. Eta “antolatutako krimenak, prostituzioak eta familia arteko feminizidioak gehituta”, berriz, kopuru hori 89ra igotzen dela salatu dute. Hau da, 2018an 89 emakume hil dituela indarkeria matxistak.

"Justizia matxista"

Baina, azpimarratu dute batez ere, “erabaki judizial, matxista eta konplizeengatik” gogoratuko dutela urtea. “Emakumeak bortxatzen eta erailtzen dituen justizia hau”, salatu du Olatz Sebalek, Korner Moreako kideak.

Datu horien parean, berriz, azpimarratu dute aurten ere izan direla “argiak”: “Jendearen aldaketa nabarmena; injustizien aurrean kaleak hartzea, martxoaren 8ko greba eta mobilizazio ahaztezinak eta gaur berriz hemen elkartzea. Gu izango gara guzti honekin bukatuko dugunak”, azpimarratu du hark.

#MeToo proiektua

Horren ondoren, eta elkarretaratzearen aurretik, gaur abiarazi duten #MeToo proiektua aurkeztu dute Korner Morea elkarteko ordezkariek. Laburbilduz, iaz Harvey Weinsteinek sexu abusuak salatzeko hasi zen Nik ere edo Ni ere izan naiz erasotua izeneko mugimenduari “indarra” eman nahi diote Soraluzen ere, “inor ez baikara libratzen matxismoaren atzaparretatik”. Hori abiapuntu, iragarri dute ”ahal den lekukotasun gehien” batu nahi dituztela, “gure etxeetan eta kaleetan ere gertatzen dena ikustarazteko”.

Lekukotasunak batzeko bi bide erabiliko dituzte: esku-orriak beteta edo sare sozialen bitartez bidaliko duten inkesta beteta. Esku-orriei dagokienez, behin beteta, bihartik astelehena, udaletxean ipiniko duten kutxan sartu behar dira. Eta bestela, aukera dago ere, facebook eta whatsap bidez helaraziko dituzten inkestak betetzeko.

Urtarrilaren 31ra arte

Hori guztia egingo dute, “babes eta kontu guztiarekin, anonimotasunean geratzeko”, badakitelako “testigantza asko gogorrak izan daitezkeela (…) Asmoa morbotik ihes egin eta sufritzen dugun indarkeria guztia azaleratzea besterik ez da”, azpimarratu du Sebalek. Urtarrilaren 31ra arte batuko dituzte lekukotasunak. Eta Martxoaren 8an aurkeztu.

Bukatzeko, herritarrak gonbidatu dituzte Indarkeria matxistaren aurpegiak erakusketa ikustera,  indarkeriaren alderdi desberdinak ikustarazteko prestatutakoa; abenduaren 1era arte izango da ikusteko aukera.

2019ko Martxoaren 8a

Eta gogora ekarri dute dagoeneko badabiltzala 2019ko Martxoaren 8a prestatzen, Mundu Martxako Koordinadorarekin elkarlanean, “aurtengo greba modu antolatuago batean antolatzeko, iazko indarrak ondo bideratzeko”, esplikatu dute.