Plaza Berriko iturriaren historiaren gaineko hitzaldia eskainiko du Javier Elortzak

Ubane Madera 2018ko aza. 22a, 16:11
Plaza Berriko iturria.

Soraluzeri hiribildu izaera eman ziotela 675. urteurrena dela-eta, Plaza Berriko iturriaren historiari buruzko hitzaldia egingo du Javier Elortza historialariak azaroaren 28an. 19:00etan da hitzordua, osoko bilkuren aretoan. Eta bertaratzen direnei esku-orri bana emango diete, besteak beste, Ipiñarrieta iturburutik Plaza Berriraino doan urak egiten duen bidearen planoa daukana.

Ipiñarrietako iturburutik edaten du Plaza Berriko iturriak. Hain zuzen ere, 1,5 kilometroko hodi batek ekartzen ditu urak handik kaleraino. Eta ibilbidean baditu hainbat azpiegitura nabarmen. Antzinakoa da, gainera, iturri hori, harri eta harlauza bereziak dituena, eta diseinua ere landutakoa du.

Eskuorria opari

Halakoak eta beste azalduko ditu datorren asteko eguaztenean, azaroaren 28an Javier Elortza historialariak. Hitzaldia egingo du osoko bilkuren aretoan Plaza Berriko iturriaren historia esplikatzeko, Soraluzeri hiribildu izaera eman ziotela 675. urteurrenaren baitako ekimen modura. 19:00etan hasiko da eta interesa duen edozein bertara daiteke.

Horrekin batera, bertaratzen direnei eskuorri bana emango diete, iturriaren jatorriaren berri, uren ibilbidearen planoa eta beste hainbat datu dituen eskuorria. Atzoko osoko bilkuraren amaieran eman zuen horren guztiaren berri Iker Aldazabal alkateak, hitzaldirako gonbita egiteaz batera.