Azaroaren 30era arte eman daiteke izena Eskola Bidean

Ubane Madera 2018ko aza. 21a, 18:39

Iaz Eskola Bidearen froga pilotuan parte hartu zuen taldeetako bat.

Gurasoekin batzarra egin ostean, eskolaren bitartez izenemate orriak bideratuta, Eskola Bidea azken urratsak ematen dabil aurtengo ikasturtean abian jartzeko. Parte hartu nahi duenak azaroaren 30a aurretik eman behar du izena.

Iazko ikasturteko froga pilotuan parte hartu zuten ikasleen gurasoekin zuzenean harremanetan jartzen dabiltza egunotan Hezkuntza Proiektutik. Urrian, gurasoekin batzar irekia egin zuten eta eskolaren bitartez izen-emate orriak banatu zituzten etxez-etxe.

Haurrek zein gurasoek

Lan horren guztiaren helburua da Eskola Bidean parte hartzeko aukera ahalik eta handiena eskaintzea. Bai neska-mutikoei, baina baita gurasoei eurei ere."Alde batetik, haurrek Eskola Bidea dinamikan parte hartuko duten jakitea nahiko genuke; eta bestetik, gurasoak fase honetan bideetan laguntzeko prest zaudeten eta zein disponibiitate daukazuen ere jakin nahiko genuke", esplikatu dute.

Zehaztu dute, hori bai, haurrek parte hartzeko "ez dela derrigorrezkoa gurasoek ere laguntzaile lanak egitea, hau da, haurrak izena eman eta bideetan parte har dezake gurasoek izena eman gabe".

Izena emateko

Hori horrela, parte hartu nahi duenari azaroaren 30era arteko epea eman diote izena emateko, aldez aurretik ez badu hori egin.

Bi bide erabili ahal dira horretarako eta baita edozein zalantza argitzeko ere: soraluzehezkuntza@gmail.com edo 664 54 73 67 telefonora deituta. "Esperientzia honetan parte hartzera animatzen zaituztegu, ea denon artean haurrentzako herri seguru eta askeago bat lortzen dugun!", adierazi dute.