Emakumeenganako indarkeria mahai gainean

Ubane Madera 2018ko aza. 20a, 09:35
Gazte bat Korner Moreak ipinitako erakusketa ikusten, atzo astelehena.

Azaroaren 25ari, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunari begira jarri da udalerria atzo ezkero. Izan ere, Korner Morea elkarte transfeministak antolatuta, Indarkeria matxistaren aurpegixak izenburua duen erakusketa zabaldu zuten. Eta domekara bitartean, hainbat modutara landuko da emakumeek jasaten duten indarkeria eta haren ondorioak.

Soraluzeko Udalak, Korner Morea elkarte transfeministak eta Emakumeen Topaguneak emakumeek jasaten duten indarkeria salatzeko ekitaldiak antolatu dituzte, domekara bitartean.

Atzo, astelehena, zabaldu zuten Korner Moreak ipinitako Indarkeria matxistaren aurpegixak erakusketa. Bertan, panel bitartez, emakumeenganako indarkeria motak aztertu dituzte. Esaterako, gertatu izan da emakume bat (Shakira) gizon guztien posesio balitz seinalatzea; edo salatu egin dute ere “mediku eta farmakologi indarkeria”, jakinarazita, emakumeek eta gizonek sintomatologia desberdina dutela bihotzekoa izan aurretik eta hori ez dela jakinarazten; edo boterea baliatuta emakume askok jasan izan dituzten eta jasaten dituzten sexu erasoak salatu dituzte, Harvey Weinstein produktorearen kasua adibide modura baliatuta…

Erakusketa ikusgai izango da astegunetan 19:00-20:30ak bitartean eta zapatuetan 12:00-13:30ak bitartean, abenduaren 1era arte.

Filma, antzerkia, tailerra…

Eguenean, berriz, Custodia compartida izenburua duen pelikula proiektatuko dute, 21:00etan, antzokian. Zapatuari dagokionez, Soraluzeko gizonei zuzendutako Maskulinitate ez normatiboen inguruko hitzaldi-tailerra izango da, 10.00tatik 13.00tara Antzokian, Emagin elkarteko Ibai Fresnedok dinamizatuta. Aldez aurretik izena ematea komeni da. Eta egun berean, helduentzako Frida izenburua duen antzezlana taularatuko dute, 20:00etan, Antzokian Iris Teatroren eskutik.

Domekan, bi hitzordu

Astea borobiltzeko, domekan bi hitzordu egin dituzte. Batetik, #MeToo proiektua aurkeztuko dute, 13.00etan Plaza Berrian, eta ondoren emakumeenganako indarkeriaren aurkako agerraldia egingo dute. Eta 18:00etan, berriz, Beldur barik lehiaketaren sari banaketa ekitaldia izango da, 18:00etan, Antzokian.