Soraluzekoa, ikusiena

Ubane Madera 2018ko aza. 19a, 15:03

%7,4ko audientzia mailarekin, aurtengo denboraldiko saiorik ikusiena izan zen atzo pantailaratu zuten Herri Txiki, Infernu Handi programaren Soraluzeko kapitulua. Eta programak berak daramatzan bost denboraldietan, berriz, bigarren ikusiena izan da Soraluzekoa. 

Espektatiba handia eragin zuen Soraluzen Herri Txiki Infernu Handi saioaren grabazioak udalerrira etorri zirenean. Gauza bera gertatu zen saioaren promozioarekin: Plaentxia.eus atariak Facebook sare sozialean duen profilean, esaterako, 2.398 lagunenganaino iritsi zen albiste hura.

Eta orain gauza bera gertatu da saioaren emisioarekin. Herri Txiki, Infernu Handi-ren aurtengo denboraldiko saiorik ikusiena izan zen atzokoa, bestela esanda, Soraluzeko saioak eman du aurtengo denboraldiko daturik onena.

Frontoian 300dik gora

“Frontoikoa momentua oso goxoa izan zen, 300 pertsonatik gora bildu ziren, ez dut gogoratzen saio bat horrenbeste aldiz txaloekin eta barreekin bideoak horrenbestetan moztu izana…Horrelako ostegunak pasatzen ditugunean ez da lanik. Eta pertsonaiak… Munetakoak, Pedrik eman zigun elkarrizketa bat hunkituko duena edozein ikusle Euskal Herrian… Benetan uste dut elkarrizketatuek herria leku onean utziko dutela, uste dut soraluzetarrak harro egongo direla errepresentazio horretaz”, halaxe adierazi zuen Zuhaitz Gurrutxagak Pil-pilean aldizkariari egindako elkarrizketan, eta gaur goizeko berriketaldiak entzunda, badirudi soraluzetarrak ere bat datozela esandakoarekin.

Bigarren ikusiena

ETB1en %7,4ko audientzia maila lortu zuen atzo Soraluzeko kapituluak. Eta ez hori bakarrik, programak dituen bost denboraldietan bigarren saiorik ikusiena izan da hemengoa. Aguraingo kapitulua izan da, hain justu, bost urtean ikusiena, 8,1eko sharearekin edo audientzia mailarekin.

Ez da batere marka makala, kontuan hartuta 100. saioa grabatu behar dutela laster. Bi asteburu barru, hain zuzen ere, Goizuetan beteko dute zenbaki borobil-borobila duen kapitulua, Herri Txiki, Infernu Handi saioak bertan hasi zuen-eta ibilbidea.