Erabateko arrakasta

Ubane Madera 2018ko aza. 17a, 13:14

Saldu eta saldu eta erosi eta erosi. Horixe ikusi da etengabe bigarren eskuko azokan, gaur goizean (zapatua) Plaza Zaharreko karpan jarritakoan. “09:00etarako, postua ipintzen bukatu baino lehenago jendea erosten zebilen”, kontatu du saltzaileetako batek. Eta hori, azoka berez 10:00etan zabaltzen zutela.

Bigarren eskuko azokaren aurtengo edizioan agerian geratu da urtetik urtera geroago eta indar handiagoa hartzen dabilela. Bai saltzaile aldetik eta baita erosle aldetik ere. Lehenengoei dagokienez, izan dira aurten postua ipini nahi eta ezinean geratu direnak, leku faltarengatik.

"Asko saltzen da"

Eta erosleei dagokienez, berriz saltzaile guztiek bat egin dute esatean oso ondo ibili zirela saltzen:  “Eguraldi ona asko igarri da; iaz oso txarra egin zuen. Gaur, 09:00etarako, postuak ipintzen genbiltzala, jendea ya erosten zebilen”, kontatu du Maialenek, saltzaileetako batek.

“Herritarrak geroago eta gehiago animatu dira”, kontatu du Iratik, “eta aurten eguraldiak asko lagundu du”, berretsi du hark. “Batzuk erregateoa (tratua) eta guzti egin nahi izan dute”, kontatu du, berriz, azokan lehen aldiz parte hartu duen Ainhoak. “Oso ondo dago hau. Asko saltzen da”, gaineratu du hark.

Izan ere, saltzaileen artean ere, izan dira bestelako edizio batzuetatik errepikatu dutenak, baina baita aurten estreinatu direnak ere. “Lehen aldiz ipini dugu, eta oso ondo dago”, esan du Oihanak.

Gehiena 2-3 euroan

Produktuei dagokienez, berriz, hor ere denetik izan da. Hori bai, guztiak ere merke-merke: euro batetik hasita bazeuden jantziak; gehienak, baina, 2-3 eurotan saldu dituzte. “Merke ipintzen dugu. Ganbara uzten laguntzen du honek, eta gainera ondo pasatzen duzu”, jakinarazi du Josunek.

Eta jantziekin batera, liburuak, jostailu mordoa eta besteak beste, Sorako materiala ere aurki zitekeen gaurko azokan. Gaurkoan, bada, mostradoreko bi aldeetan egon direnak gustura ibili dira.