Abenturaz betetako istorioa eta uretako jolasak

Ubane Madera 2018ko aza. 16a, 18:14

Domekan, neska-mutikoendako bi hitzordu prestatu dituzte Soraluzen Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira: 12:00etan, espioiak, misterioa… abenturaz betetako istorioa taularatuko dute Tomax pailazoak eta haren lagunek. Arratsaldean, berriz, adinka banatuta, 16:00-20:00ak bitartean puzgarriak izango dira, igerilekuan.

Umorea, jolasak, kantak magia eta haur eta gurasoen parte-hartze zuzena oinarri dituen abentura taularatuko dute pailazoak domekan 12:00etan Herriko Antzokian. Ez dute sarrerarik kobratuko, baina borondatea onartuko dute. Izan ere, batutako dirua UNICEFera bideratuko dute, Haurren Eskubideen Nazioarteko egunaren harira (azaroak 20) antolatu dituelako ekitaldiok Soraluzeko Udaleko Haurren eta Gazteen Batzordeak.

Pailazoak

“Tomax eta Muxi zigortuak daude larunbatean ikastolan. Han ohar bat aurkituko dute: Andereño Koro bahitu dugu. Hortik aurrera izugarrizko abentura izango dute andereño Koro aurkitzeko: espioiekin harremanetan jarri, erreskatea ordaindu, horretarako Tomax bere etxera joango beharko du txerritxo kutxaren bila arriskuz betetako bidai batean; ikasgelako armairuak bakarrik mugituko dira; itzal misteriotsuak agertu eta haurren laguntzarekin kode sekretuak deszifratu beharko dituzte”.

Puzgarriak, adinka

Bestalde, arratsaldean puzgarriak ipiniko dituzte igerilekuan. 16:00etatik 20:00ak bitartean izango da jolaserako aukera. Baina adinka banatuta sartu ahalko dira neska-mutikoak, honelaxe sailkatuta:

  • 10/11 urteko haurrak: 16:00 – 17:00

  • 4/5 urteko haurrak: 17:00 – 18:00
  • 6/7 urteko haurrak: 18:00 – 19:00

  • 8/9 urteko haurrak: 19:00 – 20:00

Derrigorrezkoa da igeri egiten jakitea edo mangitoak eramatea.