Goizean goiz etorriko dira argazki-zaleak Soraluzera domekan, 08:30etik 09:30era bitartean da-eta Kontrargiren XXX. Argazki Rallyan izena emateko ordutegia, Etxaburueta kaleko lokalean. 40 bat argazki-zale espero dituzte, eta horietatik 10 bat herriko argazkilariak izango dira.
Hamarretakoa
Behin izenak emanda, Kontrargiko kideek argazkiak ateratzeko bosna gai emango dizkiete lehiakideei. Eta haiek oinarri, kalerik kale abiatuko dira argazkilariak, 13:30ak bitartean argazkiak ateratzera. Goiz erdian, hori bai, 11:00ak inguruan hamarretakoa izango dute Txoko kafetegian.
Abendu hasieran
13:30ean, berriz, ateratako argazkiak entregatu egin beharko dituzte; 36, asko jota. Gero, horien artetik argazki-zale bakoitzak argazki bat aukeratu beharko du landutako gai bakoitzeko, eta posta elektronikoz bidali. Ondoren, epaimahaiak (argazkilari adituak) abenduaren hasierarako irabazleak aukeratuko ditu.
Soraluzeko rallyan bertan saridunak izateaz aparte, hemengo hitzordua puntuagarria da Euskal Herri mailako herriz herriko lehiaketarako. Hori horrela, zirkuituan parte hartzen dutenek Irunen izango dute hurrengo rallyrako hitzordua.