Eibar Ospitalea, soraluzetarrendako ere zabalik

Ubane Madera 2018ko aza. 14a, 19:02
Eibar Ospitalea kanpotik ikusita.

Badira 15 egun Eibar Ospitaleak ateak zabaldu zituela. Eta dagoeneko datu ikusgarriak eman ditu: ia 3.000 lagunek estreinatu dute. Debabarrenari eskainitako osasun zentro berria soraluzetarrendako ere zabalik dago, jakina. Zazpi espezialitaterendako arreta ematen hasi dira; larrialdietarako pack-a ere badute, eta besteak beste, errehabilitaziorako instalazio berritzaileak.

“Balorazio oso positiboa” egin zuten ospitalearen estreinaldiaz Marbella Garciak, ospitaleko gerenteak eta Ana Bereziartuak, Erizaintzako zuzendariak. “Zentro berri batean jardueren hasiera guztiek izaten dituzte ezuste txikiak aparte”, ospitalearen funtzionamendua “aurreikusitako moduan” hasi dutela azpimarratu zuten atzo, martitzena, komunikabideei eskainitako bisita gidatuan.

Kanpo-kontsultak

Bere baitan dituen zerbitzu ugarien artean, hainbat kanpo-kontsulta bertara eraman dituzte, Eibarko anbulatoriotik eta Mendaroko ospitaletik. “Hala ere, kanpo-kontsulta jarduera guztiak ez dira hemen eskaintzen; batzuk Mendaron geratu dira. Eta banatu direnen artean, patologiaren arabera bidaliko dira erabiltzaileak Eibarrera edo Mendarora”, esplikatu zuen Garciak.

Zentroa aukeran

“Zita bat eskaintzerakoan, hori bai, zentro batean bestean baino atzerapen txikiagoa baldin badago, hura eskainiko zaio erabiltzaileari, nahiz eta udalerritik urrutirago egon; edozein modutan, erabiltzaileak berak aukeratu ahalko du ze zentrotara nahi duen joan”, gaineratu zuen Bereziartuak.  

Espezialitateak

Hain zuzen ere, zortzi espezialitate eskainiko ditu Eibar Ospitaleak, eta zazpi dagoeneko abian dira: Kardiologia, Arnas-aparatua, Barne-medikuntza, Neurologia, Errehabilitazioa, Traumatologia eta Endokrinologia. Falta den espezialitatea, Erreumatologia, “datorren astean” abiaraziko dute, Bereziartuaren esanetan. “Horrekin programatutako kanpo-kontsulta jarduera guztia beteko genuke”.

Abenduan abiaraziko dute, berriz, ospitaleratze zerbitzua, 20-24 oherekin. Lehen fasea izango da hori, ospitaleak berak 20-24 oheko hiru ospitaleratze-unitate izango ditu-eta.

Larrialdiak

Bestalde, larrialdietarako pack-a era badu, Elgoibarko anbulatorioan dagoenaren modukoa, hain justu. Beraz, soraluzetarrei orain aukera hori ere zabaltzen zaie, Elgoibarko anbulatorioan eta Mendaroko ospitalean dauden zerbitzuekin batera. Eta beste zerbitzu bat bat aipatzearren, Osasun Mentaleko erreferentziako zentroa izango da.

Bisita gidatuak

Bisita gidatuak hasi dira egiten egunotan Eibar Ospitalea erabiltzaileei erakusteko. Lehenak erretiratuen elkarteetako taldeenak izango dira, gaur eta bihar. “Dagoeneko 100 lagunek eman du izena”, zehaztu zuen Beatriz Alvarezek, komunikazio arduradunak. “Aukera handitu beharko dugu, ze interes handia dago adinekoen aldetik”, gaineratu du hark.

“Ospitalizazioa, gaixo kronikoei zuzendutako ospitaleratze zerbitzua eskualde osorakoa da. Hau da erreferentziako zentroa” eta horregatik aukera dute udalerri guztietako erretiratu elkarteek ospitalea bisitatzeko txanda hartzeko. Oraingo txandak beteta daude, baina azaroaren 28an edo 29an egokituko lituzkete taldeendako bisita gidatu gehiago, beharra balego. Txanda hartzeko: BisitakEibar.OSIDEBABARRENA@osakidetza.eus.

Horrez aparte, azaroaren 20an, 21ean, 22an eta 27an egingo dituzte banakakoei zuzendutako bisita gidatuak. 16:00etatik 17:00etara eta 17:00etatik 18:00etara dira bisitak.