Txarriboda antzezlana eskainiko dute barikuan, herriko zenbait artistaren parte hartzearekin

Egoitz Unamuno 2018ko aza. 14a, 17:00
Txarriboda antzezlaneko aktoreak. Argazkia: Hika Teatroa.

Hika Teatroaren azken lana, Txarriboda komedia, herriko antzokian eskainiko dute barikuan, Antzerki Garaia zikloaren barruan. Antzezlanean, hainbat plazentziatarrek ere parte hartuko dute aktuazio osagarriak eskainiz; dantza, bertsoak…

Mireiak eta Imanolek ezkongai bikote perfektua osatzen dute. Zorionaren irudi dira. Ezkondu egin dira gaur, eta Patxi Bilbaok, emaztegaiaren aitak eta Ipertrolako handi-mandiak, antolatu du ospakizun gala. Festa itzela. “Gaurtxerrien antzera, jan, edan eta dantza egitea nahi dut!” Hitz horiekin egingo die harrera gonbidatuei. Guztiak iritsi direla dirudienean, ordea, Txusa azalduko da aretoan. Gizon gorputzean bizi den emakumea da Txusa eta Imanolen aitaren azken bikotea izan zen hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara. Emakumea atsegin du eta aukera polita iruditu zaio Imanolek Txusa hobeto ezagutu eta bere aitarena gainditu ahal izateko. Baina ezuste hau beste askoren hasiera besterik ez da izango eta ezkontza behar zuenak, Txarriboda izaten amaituko du.

Ezkontza bat da Txarriboda. Ezkontza basati bat. Mireia eta Imanol ezkontideen arteko ezkontza da antzezlanaren muina, eta testua aktoreen inprobisaziotik abiatuta idatzi du Agurtzane Intxaurraga zuzendariak. Inprobisaziotik abiatuta, kabaret forma hartu du antzezlanak, Euskal Kantugintzako egungo eta lehengo abestiekin musikatu dute.

Euskal aktore ezagunek parte hartzen dute antzezlanean, besteak beste: Patxi Gonzalezek, Kepa Errastik eta Iñigo Aranbarrik; beharbada, publikoarendako horren ezagunak ez diren beste hainbat aktoreren ondoan: Iñaki Maruri, Sandra Fdez. Agirre eta Juanjo Otero. 

Urtarrilean estreinatu zuten obra eta, ordutik, herririk herri dabil.

Plazentziatarren parte hartzea emanaldian

Hika Tetrokoek tokian tokiko antzerkizale, dantza talde, bertsolari, edota inprobisatzaile edo artistak gonbidatu ohi dituzte, antzezlanean parte har dezaten. “Adibidez: herriko dantza taldeko bikote bat, ezkonberriei ohorezko aurreskua dantzatzeko; herrian dagoen musika talde gaztea, ezkonberriak iritsi bitartean giroa alaitzeko; bertsolariak, bazkal osteko giroa alaitzeko eta ezkonberrientzat bertso parea kantatzeko”. Soraluzeko emanaldian ere izango dira herriko artistak, modu batera edo bestera, ezkontzan parte hartuko dutenak.

 

Erlazionatuak