Babak sakramentu guztiekin. Horixe izango da, zela ez, zapatuan Plaza Zaharreko karpapean elkartuko diren 150 lagunek izango duten menua, Pil-pilean Euskaltzaleon Elkartearen eskutik. Dagoeneko ez dago lekurik bazkarian parte hartzeko.
Sukaldari iaioak
Bazkaria goxo-goxo prestatuko dute aspaldiko urteotan guztietan moduan honako sukaldari iaioek: Sebas Hernandezek, Iñaki Larrañagak, Paulo Coutok, Jose Antonio Estevezek eta Iker Makinaik. Arabako Heredia herritik ekarritako baba moreak prestatuko dituzte, 18 kilo guztira.
15:00etan hasiko da baba-jana, “puntu-puntuan, ordurako mahaiak-eta ipinita izango dira-eta”, esplikatu dute Pil-pileanetik. Izan ere, beste urte batzuetan ez bezala, aurten herri-bazkarirako mahaiak-eta, bertarako propio ekarriko dituzte, eta ez dira erabiliko azokako mahaiak. Beraz, ez da izango itxaron beharrik azoka batu arte.
Ostean, erromeria
15:00etan hasi eta 18:00ak aldera arte izango da karpapeko bazkalostean egoteko aukera. Ondoren, dena batu eta 19:00etarako libre laga beharko da-eta esparrua, Iratzar taldearen erromeriarendako.