Elikadura osasuntsua ipar

Ubane Madera 2018ko aza. 7a, 16:17
'Gaztañerre Experience' tailerrean bideoa ikusten, atzo, martitzena.

Elikadura langai izan zuten atzo iluntzean Itxaropena elkartean. Gaztañerre Experience izenburuarekin norbere osasunarendako onuragarriak eta kaltegarriak diren elikagaien osagaiei buruz berba egin zuten, besteak beste.

Sukaldaritza, historia eta zaporea ekimenaren baitako tailerra egin zuten atzo, martitzena, Itxaropena elkartean. Alkarri elkarteko Juan Rodriguezek gidatu zuen tailerra, eta sare sozialetako hainbat bideo baliatuta, prozesatutako elikagaien etiketak interpretatzen erakutsi zien bertaratutakoei, 20 bat lagun.

Hain zuzen ere, elikaduraren piramidea oinarri, elikagaiek izaten dituzten azukre, gatz, fruktosa… eta bestelako osagaien gainean berba egin zuten, etiketetan ipintzen duten informazioari buruz, alegia. Hura egoki interpretatzearen garrantzia azpimarratu zuen. 

Produktu naturalen garrantzia

“Hori landuta, eta Gaztañerre astea denez, Gaztañerre azokan egoten diren produktu naturalei balorea eman nahi genien. Bestalde, pentsatu genuen azaldu beharreko guztia bideoen bitartez azaltzea, sare sozialetan egoten diren bideoen bitartez. Tradizionala eta modernitatea lotzea. Garrantzia emanez, baita ere, gaur egungo nutrizionistei gero eta gehiago daudelako nabarmentzen. Gabriela Uriarteren, Mikel Lopez Iturriagaren eta Aitor Sanchezen bideoak ikusi genituen. Nutrizionisten artean, sare sozialetan ezagunenak”, azaldu du Fernandezek.

Hala, horregatik guztiagatik eman zioten ekimenari Gaztañerre experience izenburua. Baita “izen erakargarria” delako ere.

Banana ogia

Atzoko ekimena borobiltzeko, hainbat errezetari buruz berba egin zuten, erakusteko badagoela aukera “errezeta eta postre asko azukrerik gabe egiteko”, Juan Fernandezen esanetan. Banana ogia zela egin ikusi zuten atzo, adibidez. “Energia handia ematen du, eta gaileta batzuk jan beharrean halako zerbait jatea askoz osasungarriagoa da”, gaineratu du Alkarriko kideak.

Sukaldaritza tailerra

Antza, baina, atzokoaren ondoren halako gehiagoren gose geratu ziren bertaratutakoak eta hurrengo batean egiteko tailerrerako ideia bota zioten Alkarriko ordezkariari: sukaldaritza tailerra. Hark, berriz, gustura eta pozik hartu du lekukoa. Dio Alkarritik “gertu” daudela tailer hori lantzeko eta proiektua lantzen hasiko direla.