Hasi dira Martxoaren 8ko greba eguna prestatzen

Ubane Madera 2018ko aza. 6a, 15:56

Arrasaten atzo egindako batzarra. Argazkia: Korner Morea.

Iazko Martxoaren 8a ikusgarria izan bazen, badirudi aurten ere bide beretik etorriko dela, edo akaso areagotu ere egingo dela egun hartan ikusitakoa. Izan ere, Emakumeen Mundu Martxa dagoeneko hasi da 2019ko martxoaren 8ko greba prestatzen, Soraluzeko Korner Morea elkarte feminista tarteko dela. Atzo batzarra egin zuten, Arrasaten.

Emakumeen Mundu Martxaren baitan, Deba eskualde mailako batzarra egin zuten atzo, astelehena Arrasaten. Eta tartean izan ziren ere Soraluzeko Korner Morea elkarte feministako ordezkariak. Topaketaren helburua izan zen “2019ko Martxoaren 8rako ardatzak, helburuak eta bestelakoak prestatzen hastea”, Korner Moreako Olatz Sebal kideak esplikatutakoaren arabera.

Errealitateetara egokitzeko

Iazko Emakumeen Nazioarteko Eguneko grebarekin alderatuta, aurten gauzak “modu antolatuago” batean egin nahi dituztela esplikatu du Sebalek. Besteak beste, Martxoaren 8an mobilizatzeko arrazoiak eta testuingurua argi helarazteko.

Hark gaineratu du urte guztian dabiltzala Emakumeen Mundu Martxako Euskal Herriko koordinadorarekin lanean, baina orain “zehaztasunak lotzen” hasi direla. Hori horrela, besteak beste, Debarro mailan antolatzen hasi dira, “eskualde bakoitzean bizi diren errealitate desberdinetara egokitzeko, eta hobeto koordinatzeko".

Xehetasun gehiago Goiena.eus atarian.

Azaroaren 25era begira

Bestalde, egutegian gertuago dagoen Azaroaren 25era, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunera begira lanean ere badihardu Korner Morea elkarteak. Olatz Sebalek jakinarazitakoaren arabera, Gaztañerre Azoka egunean kalean izango dira, informazioa partekatzen.

Eta gero, Azaroaren 25ean bertan, egun horren bueltan antolatu duten proiektua aurkeztuko dute. Urriaren 26an eman zuten, hain justu haren berri: besteak beste, #Me Too mugimenduarekin bat eginda, soraluzetarren testigantzak batu nahi dituzte, indarkeria edo gehiegikeria matxistaren bat jasan duten soraluzetarren lekukotasunak, alegia. Orain abiarazi eta martxoaren 8ra bitartean ibiliko dira esandakoa lantzen. Proiektuaren aurkezpena 13:00etan egingo duten elkarretaratzearen aurretik. izango da

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.