Errabal Jazz zigilua saritu dute BBK Jazz sarietan

Egoitz Unamuno 2018ko aza. 7a, 09:03
Joxe Felix Azkarate "Xarra", saria eskuetan duela.

Zapatuan, IX. BBK Jazz Sariak banatu zituzten Bilbon eta Soraluzeko Errabal Jazz zigilua saritu zuten bertan. Joxe Felix Azkaratek jazz sortzaileei eskaini zien saria. 

 

Euskal jazzean nabarmendu diren musikari eta diskoak saritu zituzten zapatuan Bilboko BBK Salan egin zen  BBK Jazz sari-banaketa ekitaldian. Aurten, Iñaki Salvador musikariak, Iñigo Ruiz de Gordejuelaren eta Adrian Fernandezen Urjauzia diskoak, Juanma Urriza laukoteak eta Errabal Jazz zigiluak jaso dute saria.

Deia saria jaso du Errabal Jazz-ek, duela hamasei urtetik jazz musika argitaratzen duen egin duen "ibilbide emankorragatik", zeina aintzindaria izan baita Euskal Herrian jazz musika argitaratzen.

Jazz sortzaileei eskaini zien

Joxe Felix Azkarate Xarrak jaso zuen saria, Ubane Uzinekin batera Errabal Jazz zigiluaren sortzaile izan denak, eta jazz sortzaileei eskaini zien: "Uste genuen musikarientzat zirela sari hauek eta hara non deitu ziguten esateko aurten Errabal jazz zigiluaren ibilbidea sarituko zutela. Koloreak atera dizkigute, gu ez baikara horrelakoetan ohituta.

Gaztelupeko Hotsak  moduan diskoak kaleratzen 1995. urtean hasi ginen  baina jazzaren abentura honetan duela 15/16 urte. Aurretik, kontzertuak antolatzen genituen herrian, Gaztetxean eta Gaztelupe tabernan. Zaletasuna egon bazegoen eta musikariekin harremanetan hasi ginen, herrira ekartzen Euskal Herriko eta haratagoko musikariak. Horrela, jazza argitaratzen zuen etxerik ez zegoela konturatuta, era naturalean bururatu zitzaigun sortzea jazzari emandako zigilua. Ordutik, ehundik gora erreferentzia kaleratu ditugu eta hor jarraitzen dugu.

Gure disko etxea ohitua dago periferiatik lan egiten. Sortu zen urtetan ere diskoetxe handiagoetan lekurik ez zuten taldeak izan genituen bidaide.

Jazzarekin ere halatsu.

Izan daiteke uste duenik jazza elitearekin lotzen dela, baina gogoratu behar genuke sortze beretik  komunitate afroamerikarrak izan duen garrantzia, koloredun gizakiok ekarritako musika-poza. Hau da, hiriguneko “aberastasunetik” haratagoko jarduna.

Gaur gaurkoz ere, ausartzen gara esaten perla interesgarrienak periferiatik datozela eta horiei plaza eskaintzea edo ezagutzera ematea izan dela askotan gure egitekoa. Gustuz egin duguna, ahalik eta mimo gehienarekin eta seguruenik beti asmatu gabe.

Gure ziutatean, Bilbon, jasotako sari honek aitortza ematen digu eta ulertzen dugu sari hau entsegu lokalean notak josten diharduten horiendako dela, batez ere, jazz ordu horiek oparitzen dizkiguten sortzaileendako, musikarientzat. Gu bidaiakideak baino ez gara. Eskainia da baita musika kontsumitzaileentzat eta jazz erosleentzat ere. Zuek gabe zaila genuke guk horrenbeste urtean bizirik irautea. Eskerrik asko!"