Iaz abiarazitako Eskola Bidea egitasmoa egonkortzeko ibilbidea aurkeztu zuen Soraluzeko Hezkuntza Proiektuak, Herriko Antzokian, joan den martitzenean. Gutxi izan ziren bertaratu ziren gurasoak, kontuan hartuta iaz 47 neska-mutikok parte hartu zutela Eskola Bidea egitasmoan.
30-40 auto
Kontuak kontu, batzarra hasi eta lehenengo eta behin Andoni Iñurritegik, hezkuntza proiektuko dinamizatzaileak Eskola Bidearen iazko froga pilotuak utzitako datuak ekarri zituen gogora. Bereziki, aurrera begira, Eskola Bideen funtzionamendua zehazteko eta egonkortzeko beharrezko zirenak.
Esaterako, gogora ekarri zituen eskolarako bideetan detektatutako oztopoak: ikusgarritasun txikia hainbat puntutan, txakur-kakak, espaloi estuak, zirkulazio handiko tramuak… Gogora ekarri zuen, baita ere, egindako diagnostikoaren arabera, egunero 30-40 auto joaten dela eskolara umeak eramatera horrek dakarren arrisku guztiarekin.
Haurren autonomia
Eta besteak beste, gogora ekarri zuen Eskola Bidea haurren autonomia garatu nahi duen egitasmoa dela; haurrak eskolara bide seguruetatik, bakarrik eta oinez joatea sustatuz eta erraztuz. Era berean sozializazio aukerak sortu eta etorkizun baterako ohitura osasuntsuak finkatzen dira.
Aurkezpenaren ondoren, Iñurritegik jakinarazi zuen datozen asteotan bost faseko prozesua abiaraziko dutela. Honako helburuarekin: Eskola Bideen funtzionamendua zehaztu, egonkortu, komunitatean txertatu eta jarraipen sistema definitu.
Bost fase
Honakoak izango dira bost faseak:
1: Egitasmoa gogoraraziko dute eta Eskola Bideak berrartzeko proposamena egin irakasleekin zein ikasleekin eskolan; gurasoekin eta herritarrekin.
2: Eskola Bideen sarea osatuko dute herriko eragileekin: merkatariak, ostalariak, udaltzainak…
3: Eskola Bidea indartzen jarraitzea eta familien atxikimendua lortzea.
4: Eskola Bideen funtzionamendua doitzea.
5: Eskola Bideen jarraipena zehaztu eta definitzea.
Hau guztiau egiteko datei begiratuta, berriz, hasteko guraso boluntario poltsa osatuko dute, ahalik eta lasterren ekimena berrabiarazteko. Era berean, Eskola Bidean parte hartu nahi duten neska-mutikoen izen-emate orriak jasoko dituzte.