Drogak hizpide eta aztergai

Ubane Madera 2018ko aza. 5a, 09:46
Hautsak Harrotzen taldeak irailean egindako saioetako bat.

Irailean migrazioaren gaia landu ondoren, drogak izango ditu langai azaroan Hautsak Harrotzen taldeak. “Gaiak hari mutur asko dituen arren, drogen erabilera ikuspegi orokor batetik lantzeko asmoa daukagu”, jakinarazi dute antolatzaileek. Hori abiapuntu, hiru hitzordu egin dituzte azarorako: tailer bat, pelikula emanaldi bat eta liburu aurkezpen bat.

Azaroaren 13an egin du lehen hitzordua Hautsak Harrotzen taldeak. Drogen kontsumoaren gozamen eta arriskuen kudeaketa izenburua duen tailerra antolatu dute egun horretarako, 18:30ean, gaztetxean. Ai Laket elkarteak dinamizatuko du tailerra, droga erabiltzaileak arrisku murrizketaren eta gozamenaren gestioaren aldeko informazioa lantzen duen kolektiboak, hain justu.

Asko jota 20 lagunek parte hartu ahal du tailerrean, eta izena ematea beharrezkoa da, honako helbidean: hautsakharrotzen@riseup.net helbidera.

Heroina, narkotrafikoa…

Pelikula emanaldia izango dute, berriz, bigarren hitzordu: azaroaren 20an, 18:30ean, gaztetxean. Egunez hiltzea izenburua duen filma proiektatuko dute: “Trantsiziotik gaur egun arteko Kataluniako historia bere alde ezkutu batetik begiratuta: heroina kontrakultura eta giro politikoko pertsonai garrantzitsuenetarikoen agerpenak markaturik dagoen bizi baten erronkaz mintzo zaigu, Francoren heriotzarekin hasten da eta gaur egun arte heltzen dena”, esplikatu dute.

Infusioa eta mantatxoa

Azkenik, azaroaren 27an, martitzena, A los pies del caballo liburua aurkeztuko du Justo Arriola (1966) elgoibartarrak. “Justo, ikerlari eta idazleak egindako azterketa zorrotzak argi uzten du narkotrafiko sareak eta estatuaren artean izandako hartu emana. Euskal Herrian heroinaren sarrera masiboa drogazaleen interesa baino estatu interesen ondorio dela mahai gainean jarriz. Bide batez, hainbat herrialdetako borroka geldiarazi asmoz estatuek narkotrafikoarekin izandako esku-hartzea azaltzen digu”, esplikatu dute Hautsak Harrotzen elkartekoek.

Drogen gaineko jardunaldietan parte hartzeko gonbita egiteaz gainera, zera gaineratu dute: “Negua gainean dugula jakinik, egonaldiak goxatzeko saiakera egin nahi dugu. Ekitaldi guztietan infusioa eskainiko da eta, bertaratzen direnei mantatxo bat ekartzeko gonbidapena egiten diegu”.