14:00ak aldera hasi eta iluntzera arteko sesioa egin dute elkarrekin gaur 80 urtetik gorako ia 100 herritarrek Itxaropena Erretiratuen Elkartean, udal ordezkariak eta elkarteko zuzendaritzako kideak ere bertan zirela. Giroa bertatik bertara ikusita, agerikoa da ondo ederto pasatu dutela euren omenezko eguna.
Ohi denez, 80 urtetik gorakoen artean bi lagun omentzen dituzte urtero; aurten, baina, bakarra egon da bertan: Modesta Gallastegi Gaztelu. Agurra dantzatu, bertsoa irakurri eta oroigarriak oparitu dizkiote hari. Pozik eta eskerronez hartu ditu guztiak 93 urteko Modesta Gallastegik.
Omenaldia jaso behar zuen bigarren pertsona, berriz, Antonio Fresnedo Inastrillas justu bezperan hil egin zen. Hori horrela, Itxaropenako zuzendaritzakoek jakinarazi dute datorren astean familiaren etxera joanda helaraziko dizkietela haiei doluminak eta ematekoak ziren oroigarriak.