Beldurgarriak

Ubane Madera 2018ko aza. 1a, 12:32

Geroago eta indar handiagoa hartzen dihardu Arimen Gaua, baita Soraluzen ere. Atzo, eguaztena, 18:00-21:00ak bitartean erdiguneko kaleak, plazak, eta batez ere saltokiak eta tabernak mamu txikiz beteta egon ziren. Korrika ibili ziren batetik bestera, zeinek gozoki gehiago eskuratu, kalabaza beteak pozik erakusten.

Iaz nabarmen ugaritu baziren mamuz mozorrotuta kalean gozoki eske ibili ziren neska-mutiko kuadrillak, aurten are ugariago izan dira kalerik kale ibili diren sorginak, pailazo beldurgarriak, zonbiak, eskeletoak eta bestelako pertsonaia beldurgarriak.

Erositako mozorroekin kaleratu ziren gehienak, ludotekan landutakoekin ere irten ziren asko; hori bai, gutxiri ahaztu zitzaien gozokiak batzeko kalabazak, poltsak eta abarrak hartzea.

Iluntze luzea

Hala, beldurra ematera irten zirenek beldur barik egin zioten aurre euriari, eta batzuk, 18.00etarako, dagoeneko, saltokiz saltoki eta tabernaz taberna zebiltzan gozoki eske, baita etxerik etxe ere. Aurten, gainera, iaz baino merkatari gehiago zituzten gertu gozokiak eskuzabal emateko. Kiloak eta kiloak eman zituzten atzo, umeen gozamenerako.