Iluntzearen zain

Ubane Madera 2018ko urr. 31a, 14:07

Itziar Agirre eta Lorea Elizburu mamu eta sorgin mozorrotuta.

Animen gaua, Gau Beltza, Halloween... izen ugari ditu gaurko gauak. Izana ere ugaria du, mundu osoan dago-eta hildakoak gogoan izateko ohitura egun jakinen bati lotuta. Izena izen, izana izan, baina, gaurko iluntzeak etxeko txikienendako (eta ez horren txikiendako) bestelako esanahia hartu du: beldurgarri mozorrotu eta kalera irten, gozoki eske!

Mamuak, zombiak, sorginak, gaizto beldurgarriak... «ezkutuan» daude Soraluzen, iluntzea noiz iritsi zain.

'Xanduli, manduli...'

Izan ere, guztia gertu dute eskolaz kanpoko zereginak bukatu, mozorroa jantzi eta kalerik kale gozokiak eskatzen ibiltzeko, kalabazak edo bestelako traste modernoagoak eskuetan dituztela.

Gogoan izan beharrekoa, hori bai, gozoki eskerako esaera: Xanduli, manduli, kikirri, eman gozokiak guri! 

Esaldia esanda, seguru poltsikoratuko dituztela gozoki ugari.

"Animen gaua" Euskal Herrian

Euskal Herrian aspalditik ospatu izan da Halloween, baina hemen, Arimen Gaua deitu izan diogu. Orain dela urte gutxira arte ospatu izan dugun festa da, baina ohitura alde batera uzten joan gara. Hala ere, asko gogoratzen dira, urri bukaera eta azaro hasierako gau ilunetan, umetan nola ibiltzen ziren kalabazak hustu, aurpegiko zuloak egin, argiztatu eta herriko zenbait txokotan ipintzen. Domu Santu egunez hainbat herritan etxez etxe eskean ateratzen ziren umeak, horretarako esaldi bereziak erabiliz. Ikus bideoa.