Banden Lehiak baditu finalistak: Belatz, Dekot, Zizel eta Nau

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko urr. 30a, 19:00

Epaimahaiak hiru talde hautatu ditu: Maruri-Jatabeko DEKOT, Azkoitiako ZIZEL eta Donibane-Lezoko NAU. Publikoak aukeratu du laugarrena, 8.820 botorekin, BELATZ taldea.

Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehia musika txapelketaren hamargarren edizioa bukaerara iritsi da. Aurtengoan, hamalau taldek eman dute izena, eta dagoeneko aukeratu dituzte lau finalistak.

Euskal musika sustatzea helburu duen lehiaketa da Banden Lehia. Musika talde amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.

Hamargarren edizio honetan aniztasuna izan da nagusi, bai jatorri aldetik eta bai musika estilo aldetik ere. Aurten, Hego Euskal Herriko taldeez gain, iparraldeko talde batek ere eman du izena, eta estilo aldetik, aurkeztu diren taldeek askotariko musika estiloak lantzen dituzte: rocka, folka, industriala, metala, alternative punka, popa, countrya…

Finala azaroaren 17an, Bilborocken

Banden Lehia 2018ko finala azaroaren 17an izango Bilborocken, arratsaldeko 17:30ean hasita. Aukeratutako lau taldeek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte, eta bukaeran irabazlearen berri emango dute.

Taldeek publikoaren laguntza beharko dute, berriro ere, beraien aldeko botoak eskuratzeko. Era berean, epaimahaikideak ere han izango dira kontzertuak bertatik bertara jarraitzen.

Finala publikoari irekia izango da, eta lau talde finalistez gain Haxotz, Larregi, Zazkel, Aneguria eta Ze esatek! taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Sarrera debaldekoa izango da.