Eskola Bidearen aurtengo ikasturterako proposamena egingo dute gaur, martitzena

Ubane Madera 2018ko urr. 30a, 11:55

Iaz Eskola Bidean parte hartu zuen taldeetako bat.

Gaur, martitzena, 18:30ean batzarra deitu dute Eskola Bidea egitasmoa dela-eta. Orain arteko esperientzia gogora ekarri eta ikasturte honetarako plangintza proposamena ezagutzeko deitu dute, hain justu, gaurko batzarra. Herriko Antzokian da hitzordua.

Eskola Bidearen lanketaz arduratzen den Soraluzeko Hezkuntza Proiektutik jakinarazi dutenez, talde eragilean lanean egon dira, eta dagoeneko badute 2018-2019 ikasturterako plangintza proposamena.

Horrekin batera, Eskola Bidean parte hartu nahi duten seme-alaben izen-emate orriak ere gaurko batzarrean jasoko dituzte. Hitzordua esandako moduan, gaur iluntzean da, 18:30ean da, Herriko Antzokian.

Froga pilotua

"Aurreko ikasturtean prozesu ederra burutu genuen haur, irakasle eta helduek elkarlanean; herriko mugikortasunari buruzko diagnostikoa egin genuen, bide ezberdinak proposatu genituen, eta hortik abiatuta froga pilotua egin genuen.

Egia esan, prozesuan parte hartu genuenok asko gozatu genuen eta emaitza oso polita izan zen, hala ere, froga pilotuak berak erakutsi zigun badagoela zer doitu eta zer hausnartu. Horretarako tartetxo bat hartuko dugu ikasturte hasiera honetan eta laster Eskola bidearen eguneroko dinamika martxan egotea espero dugu", esplikatu dute dinamizatzaileek.