Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa 2021ean martxan izango dela iragarri du Foru Aldundiak

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko urr. 30a, 18:00
Eneko Goia, Markel Olano eta Arantxa Tapia.
Gipuzkoako Foru Aldundiak MUBIL, Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroaren proiektua aurkeztu du aste honetan. Zentro honen helburua mugikortasun elektrikoaren eta energia metatzearen alorrean Gipuzkoa eta Euskadi nazioarte mailan erreferente bihurtzea da.

Donostian, Tabakaleran egin dute aurkezpen ekitaldia Markel Olano diputatu nagusiak, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegituretako sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Gipuzkoako industriaren ordezkaritza zabal baten aurrean.

Markel Olanok ekitaldian gogorarazi duenez, Euskadiko espezializazio adimentsuko estrategiari "ekarpena" egitea du helburu proiektu honek.

MUBIL proiektua Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren aterkipean landu da, eta, baita ere, sektoreko 40 eragile, enpresa, erakunde publiko eta elkartek 2017ko irailean adostutako Gipuzkoako Mugikortasun Jasangarriko Estrategia dokumentuan jasotako ekintzetako bat da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du, Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Eta azken honek Energiaren Euskal Erakundearen bitartez lagunduko du egitasmoa.

Zentroa Zubietan, Donostian, kokatuko da, 5.350 metro karratu izango ditu eta elektromugikortasunari lotutako berrikuntza eta jakintza eratzeko bokazioa izango du.

Proiektuaren bultzatzaileek adierazi duten moduan, administrazioa, enpresa eta eragileen arteko lankidetza bultzatzea du helburu egitasmo honek, gisa horretan ezagutza aurreratua, garapen teknologiko berritzaileak eta ekonomia aktibitate berria sorrarazi asmoz.

Markel Olanok gogoratu du Gipuzkoak "indargune industrial garrantzitsuak dituela garraio urbanoaren nahiz automoziorako osagarrien alorretan". Eta gaineratu du nazioarteko erreferentzia diren teknologia zentro nabarmenak ere badirela Gipuzkoan.

Multinazionalak, hiriak eta herrialdeak bere osotasunean apustu industrialak egiten ari diren testuinguru batean, diputatu nagusiak lurraldeko enpresak lankidetzan jarraitzera animatu ditu, ahalik eta emaitza onenak lortzeko eta herri gisa lehiakorrak izaten jarraitzeko.