Elurra urrian

Ubane Madera 2018ko urr. 29a, 15:28

Goizago etorri zaigu aurten negu beteko giroa: trumoiak, haizea, txingorra, zaparradak… Hori kalean. Ze mendian, gainera, “orkatilarainoko” elur kapa zegoen, Julian Ezenarrok kontatu duenez. Iragarrita zegoen eta bete-betean asmatu dute. Iluntzera artekoa dela diote, hain justu. Gero hobera egingo duela.

Erabat petraldu zaigu udazkena. Lau egunen bueltan, 16-18 gradu izatetik 3-6 gradu izatera pasatu gara. Eta trankil antzean egotetik, ekaitzez ekaitz ibiltzera.

"Orkatilaraino"

Mendian, esaterako, bertan da elurra. Julian Ezenarrok bidalitako argazkiek erakusten duten moduan, Urkia Zelai baino beherago iritsi da dama zuria. Goian, berriz, “orkatilaraino” bota du, “euria, txingorra eta haizea ez bazen, seguru gehiago. Ez dago batere gozoa Mendigaina”, kontatu du Ezenarrok.

Horren erakusle da osintxuarrak berak bidalitako argazkietako bat: zuhaitza botata ageri da errepidea mozten.

Bihar hegotik

Tira, sikiera iluntzera arte iraungo du egoera honek. “Arratsaldeak aurrera egin ahala, egoera zertxobait baretuz joango da; haizeak indarra galdu eta mendebaldera egingo du, elur-mailak gora egingo du, 1.000 m-tik gora kokatu arte, eta atertuz joango da. Egunaren azken orduetarako ia denean atertuko du”, diote Euskalmeteko adituek.

Eta bide horretatik eutsiko dio bihar, martitzena. Hego haizea lagun, “hobekuntza nabarmena” iragarri dute.