Zuhaitz Gurrutxaga: "Soraluzetarrak harro egongo dira programa ikusten dutenean"

Ubane Madera 2018ko urr. 29a, 09:37
Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea saioa hasi baino lehen.

2015eko urtarrilaren 4an sortu eta bosgarren denboraldia egin du ‘Herri Txiki Infernu Handi’ telebistako saioak. Soraluzekoa 97. kapitulua izango da; beraz, segituan beteko dituzte 100 kapituluak. Zerbaiten seinale bada hori; gainera,  saioak oso audientzia-maila ona du, ETB1eko programen artean handienetarikoa. Zuhaitz Gurrutxaga Loiola (Elgoibar, 1980) da saioko aurkezlea, Mikel Pagadizabalekin batera.

- Zer moduz Soraluzen?
Oso-oso ondo. Lan-taldea oso pozik gelditu zen eta neu ere bai. Soraluze bailarako herria da, eta ilusio bereziarekin joan nintzen.
- Eta soraluzetarrekin, zela?
Den-dena eman zuten, eta egia da, ez da topikoa. Jendea oso natural egon zen. Munetako Joxek elkarrizketa hasi baino lehen esan zidan: guk, ikusi, gustura ikusten juau beste herrietako programia igandero, eta geure herrira bazatozte, ba bateronbatek azaldu beharko jok, gero beste batzuk ikusi dezaten. Hori asko eskertzekoa da, ze ez da erraza guri - telebistari- baietz esatea, askotan lotsak eta urduritasunak tarteko izaten direlako. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu baietz esan zutenei, dena eman zuten, soraluzetarrak harro egongo dira programa ikusten dutenean.
- Zein da saioaren ibilbidean gehien inpaktatu zaituen herrietako bat?
-Ia-ia 100 saio egin ditugu. Herri bat esatea ez litzateke erraza. Niri ilusio berezia egin zidaten Mikel Pagadiren herrian (Villabonan) eta nire jaioterrian, Elgoibarko San Migel auzoan egindakoek. Oso-oso berezia izan zen, astero bizi duguna bizitzea nire auzoan eta nire auzoko frontoian. Oso hunkigarria izan zen. Hiru aste lehenago horretan pentsatzen ibili nintzen, nahi nuen borobil irtetea, nahi nuen lan-taldea, ETB bera eta auzoa pozik geratzea. Lan asko hartu nuen dena ondo irten zedin. Oso urduri ibili nintzen, baina emaitza oso polita izan zen, bizi guztirako izango dugun oparia da, bai auzoak eta baita nik ere.
- Zer du programa honek halako harrera beroa jasotzeko?
- Naturaltasuna eta egiazkotasuna. Batez ere, elkarrizketatzen dugun jendearena. Horrek konektatzen du edozeinekin, eta gaur egun naturaltasun hori lortzea oso zaila da. Denok, ni lehena, antzezten ari gara egunero, telebistan, kalean… Zaila da gu garena erakustea. Eta programa horretan askotan lortzen da egiazkoak izatea pertsonak. Askotan dira istorio oso sinpleak, baina hain sinzeroak dira, horrek konektatzen duela asko.
- Hala ere, kostatzen zaizue euskaldunok umoretsu jarduteko gertu aurkitzea? Edo gehiago da erridikulua egiteko beldurra?
Euskaldunok umorea ondo lantzen dakigu, bertsolaria da komedia erabiltzen duen figura handietakoa, eta pentsa zenbat dauden, zenbat gustatzen zaizkigun eta zenbat adar-jotze egiten duten. Baina besteek norberari buruz zer esango ote duten… horri beldurra izatea oso barruan sartuta daukagu; horregatik, normala da esatea: nahiago dut ez irten.
- Zelakoa da zuen lana?
- Erregalua da. Egiazki esaten dut. Neuk baloratzen ditut, batez ere, adineko jendearekin ditugun elkarrizketak. Ze mundua asko aldatu da urte gutxitan, eta adinekoak dira galtzear dagoen munduko zatiaren parte. Elkarrizketa horietan mundu horren berri ematen digute. Adineko jende horren testigantzak jasota, lehenagoko mundu horren zubi izatean ari garela sentitzen dugu, gaurko munduari lehengo hura transmititzen gabiltzala. Eta zorte handia da zubi-lan horren parte izateko aukera guri ematea. Gehituko nuke kalean sentitzen dugun maitasuna oso sinzeroa dela; batez ere, adineko jendearena. Adinekoei buruz nabil berriro, ze uste dut egiazkoenak eurak direla. Adinekoek lotsa gutxiago dute, egiak errazago esaten dituzte… eta ikusten da kalean topo egitean  maitasun hori egiazkoa dela; horrek asko-asko betetzen gaitu.   
- Etorkizunean telebistan ikusten duzu zure burua? Ez duzu faltan igartzen futbolari izatea? Edo bakarrizketari? Edo musikari?
Nire burua ez dut ikusten futbolarekin lotuta. Musika-egile ere ez; gaztetan akaso ausardia gehiegi izan nuen horretan jarduten, baina esperientzia polita izan zen; hala ere, ez dut uste hori denik nire bidea. Saio honetan oso pozik nago, ez dakit zenbat iraungo duen edo ikusleak noiz arte egongo diren gurekin, baina jarraitu nahiko nuke telebistako lan honetan. Bestalde, bakarrizketari moduan ere asko disfrutatu dut, potentea da zeuk idatzitako zerbait defendatzea taula gainean. Hori ere badut buruan, baina ez epe motzera begira.
- Besterik esan nahi duzu…
- Bene-benetan nahi eskerrak eman nahi dizkiet Soraluzen hain ondo hartu gaituztenei. Frontoikoa momentua oso goxoa izan zen, 300 pertsonatik gora bildu ziren, ez dut gogoratzen saio bat horrenbeste aldiz txaloekin eta barreekin bideoak horrenbestetan moztu izana… Horrelako ostegunak pasatzen ditugunean ez da lanik. Eta pertsonaiak… Munetakoak, Pedrik eman zigun elkarrizketa bat hunkituko duena edozein ikusle Euskal Herrian… Benetan uste dut elkarrizketatuek herria leku onean utziko dutela, uste dut soraluzetarrak harro egongo direla errepresentazio horretaz. Nik lotura bereziagoa dut, gainera, bailarako herria delako, Karakatek bakarrik banantzen gaitu, eta oso espeziala izan da niretzat. Esan nahiko nuke ere Soraluze, Elgoibar, Eibar…industria herriak direla, eta agian askorentzat ez direla herririk politenak izango, baina arima dute, eta hori Soraluzeko saioan argi ikusiko da.