Kukumixoren urtebetetzea lagun artean ospatu dute

Ubane Madera 2018ko urr. 27a, 19:19

Ostartea eta guzti eman du eguraldiak gaur goizean, zapatua, Kukumixo Egunaren hasiera ekitaldirako. Eta horrela, txupinaren danbatekoa arintzeko belarriak estalita, suziria jaurti ondoren Kukumixo bera jaitsi da udaletxeko balkoitik Plaza Berrian zain zituen neska-mutikoengana. Ezin bestela izan, eta haiek Kukumixo, gora kukumixo! abestu eta dantzatu diote laguntxoari.

Kukumixo iritsi baino lehen, gainera, lagun mordoa elkartu da Plaza Berrian hari ongi etorria egiteko. Hanka-palotan zutunik tinko azaldu da Oker zirikatzailea. Ondoren kantatu du Ioritz Azpitartek, Unai Larreategiren soinuak lagunduta, eta bukatzeko Kukumixoren lagun Maite Quintanillak eta Naiara Kortabarriak irakurri diote ipuina.

Arratsaldean ere bai

Ongi etorria eginda, eta Kukumixo plazaratuta, Plaza Zaharrereko tailerretara eta jolasetara batzuk, kiroldegiko puzgarrietara beste batzuk, majo ibili dira salto eta brinko, aurpegia margotzen, txapak egiten eta bestelakoe saltsatan neska-mutikoak. Seguru aski, ohi baino beranduago bazkaldu dute gaur Soraluzeko etxe askotan.

Eta laster iritsi da, berriz, bazkalostea. Ze atzera ere zain zituzten umeek puzgarriak kiroldegian, harik eta Puski eta Txurruski pailazoen ikuskizunerako ordua iritsi arte. Haiekin lepo bete da Gaztetxea.

Kukumixo Eguna bukatzeko, epeltasuna nahi zutenek Eonian elektrotxarangari jarraituko diote bazterrik bazter.

Erlazionatuak