Ohi moduan, astelehen eguerdian Plaza Berrian elkartu eta pentsio duinak aldarrikatu zuten herritar multzo batek elkarretaratze bitartez. Oraingoan, baina, lau puntudun komunikatua irakurri eta bertan jasotako aldarrikapenen berri eman zuten.
Besteak beste, jakinarazi zuten “mobilizazioekin eta batasunarekin jarraitzea” erabaki dutela, harik eta “erantzun gabeko eskaerak lortu arte”.
Eta 2011 eta 2013ko erreformen “berehalako deuseztatzea” exijitzen dute, eta baita ere “Jasangarritasun Faktorea ezabatzea, kopagoa eta medikamentazoa deritzonak, indargabetzea”.
1.080 euro
Hori horrela, 1080 euroko pentsio eskaerari eusten diote, “prekarietatea eta genero arrakala gainditze bidean”. Eta bi salaketa egiten dituzte: batetik, diote ez dutela “berririk” KPIren araberako pentsioen gaurkotzeari buruz; eta bestetik, 2019rako estatuko aurrekontuetan ez dela “inongo konpromisorik agertzen Pentsioen Sistema Publikoa legez bermatzeko (…)”.
Horrez gain, eta euskal erakundeak aipatuz, komunikatuan diote “indarrean dauden legeek” haiei ez dietela uzten “beraien ahalmenak betearazten eta beraien gastu muga erabakitzen. Eta horrela Estatuak baztertzen dituen pentsioak duintasunez bete”.
Astelehenean manifestazioa
Eskaera horiek guztiek, bada, kalera aterako dituzte atzera ere astelehenean. Hileko azken astelehena izanik, gainera, elkarretaratzea barik manifestazioa egingo dute 12:00etan Plaza Berritik abiatuta.