Puzgarriak, jolasak, tailerrak, pailazoak… Kukumixo Eguna da bihar!

Ubane Madera 2018ko urr. 26a, 10:02

Kukumixo Aisialdi Taldeak 10 urte bete ditu aurten. Eta urteurren berezi hori ospatzeko Kukumixo Eguna egingo dute bihar, zapatua, 11:00etan hasi eta iluntzera arteko ekitaldiekin. Eguraldi iragarpenak baldintzatuta, kiroldegian ipiniko dituzte puzgarriak eta pailazoen arratsaldeko saioa, berriz, Gaztetxean izango da.

11:00etan txupina jaurtita emango diote hasiera Kukumixo Egunari. Plaza Berrian egingo dute hori. Eta horren ondoren hasiko dira jolasak, tailerrak eta ginkana; horiek guztiak Plaza Zaharreko karparen babespean.

Puzgarriak

Kukumixo Eguneko beste ospakizun puntu bat izango da, berriz, kiroldegia, bertan ipiniko dituzte-eta puzgarriak. Goizez 11:00-14:30ak bitartean, eta arratsaldean, berriz, 16:30etik 18:00ak bitartean.

Pailazoak

Eta goiz-eguerdiko ospakizunak borobiltzeko, eguerdi partean salda eta txorizoa prestatuko dute eta 14:30ean argazki erraldoia aterako dute.

Arratsaldeko jardunari dagokionez, berriz, puzgarriez aparte, 18:30ean Txuski eta Purruski pailazoek antzezlana egingo dute Gaztetxean eta 20:00etan Eonian elektrotxarangak jarriko du martxa herrigunean.