Soraluzetarren lekukotasunak batu nahian

Ubane Madera 2018ko urr. 26a, 09:28
65 bat herritar atzoko elkarretaratzean, eguena.

Atzo, eguena, elkarretaratzea egin zuten iluntzean 65 herritar inguruk Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken biktimarengatik. Haren amaieran, Korner Morea elkarte feministak iragarri zuen badabiltzala azaroaren 25era begira, ildo horretan, besteak beste, #Me Too mugimenduarekin bat eginda, soraluzetarren testigantzak batu nahi dituztela.

19:30ean Plaza Berrian elkartu eta ordu laurdenez egin zuten salaketa protesta 65 bat herritarrek, biolentzia matxistak eragindako azken biktimarengatik, Yolanda Jaen Gomez emakumearengatik, Bizirik, zutik leloarekin. Haren amaieran, Olatz Sebalek, Korner Morea elkarteko kideak gogora ekarri zuen Euskal Herriko zazpigarren biktima dela azken hau eta “espero” duela gehiago ez izatea.

Lekukotasuna batu nahi

Horrez aparte, Sebalek jakinarazi zuen dagoeneko badabiltzala azaroaren 25era begira, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari begira, alegia. Eta besteak beste, adierazi zuen #Me Too mugimenduari atxikita, nahi dutela indarkeria edo gehiegikeria matxistaren bat jasan duten soraluzetarren lekukotasunak batu.

“Soraluzeko emakume guztiek jasan izan dugu gure bizitzan matxismoarekin lotutako gehiegikeriaren bat, nahiz eta askok horrela identifikatu ez. Horiek eskuratu nahi ditugu. Joango gara jakinarazten zela egingo dugun”, esplikatu zuen Soraluzeko elkarte feministako kideak.

Bihar Bilbon

Bukatzeko, epe motzagora begira, gonbita egin du Korner Morea elkarteak bihar, zapatua, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta Bilbon egingo den ekitaldira. XI. Nazioarteko Topaketen baitan, bihar, “Feministon herria eraikitzera” doaz, Areatzara.