'Che, Aitona!', Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko loturaren adierazle

Ubane Madera 2018ko urr. 24a, 15:32
Iker Aldazabal eta Angel Mario Fernandez 'Che, Aitona!' liburua aurkezten.

Angel Mario Fernandezen azken eleberria irakurtzeko gogoz zeuden eta jakin-min handia zuten berrogeiren bat ikusleren aurrean aurkeztu zuten Che, Aitona! liburua atzo, eguaztena. Iker Aldazabal alkateak lagunduta, idazle argentinarrak euskaldunon eta argentinarren arteko lotura eta antzekotasuna nabarmendu zituen. Azken batean, liburuan bertan ere, lotuta daude Soraluze eta Argentina, eleberriko protagonisten eskutik. Laster salgai ipiniko dute nobela, Soraluzeko hiru saltokitan.

Datu harrigarriak eta ikusgarriak helarazi zituen atzo Angel Mario Fernandez idazle argentinarrak, Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko lotura estuaren eta zuzenaren adibide modura. Hain justu, horrelaxe abiatu zuen Che Aitona! azken eleberriaren aurkezpena, erakusteko argentinarrak eta euskaldunak ez garela “horren desberdinak”.

15.000 abizen euskaldun

Jakinarazi zuen, adibidez, Argentinan euskal jatorria duten 3 milioi bizilagun daudela; 15.000 abizen euskaldun; Martin Altzaga aramaioarra (1755-1812) izan zela Argentinako independentzia lortzen ahalegindu zen lehen pertsona; Argentinako Konstituzioaren oinarriak, berriz, Juan Bautista Alberdik (1810-1884) ezarri zituela eta besteak beste, Argentinak euskal jatorriko 11 presidente izan dituela.

Peron, Che Guevara…

Horrekin batera, Argentinako pertsonaia nabarmen eta ezagun askoak ere aipatu zituen, haien arbasoak euskaldunak zirelako: Evita Peron edo Ernesto Che Guevara esaterako.

Hain justu, Argentinaren eta Euskal Herriaren arteko lotura horren adierazle da, baita ere, azken eleberriarendako Angel Mario Fernandezek aukeratu duen izenburua: Che, Aitona!

Soraluzen laster salgai

Herriko Antzokian aurkeztu zuen atzo, eguaztena, bere azken lan hori, aurrerapen eta “gozoki” modura eleberriko bi pasarte irakurrita; Elena Perezek eta Luisa Blascok egin zuten irakurketa. Liburuaren aurkezpenean, berriz, lagun izan zuen Iker Aldazabal alkatea, izan ere, Soraluzeko Udalak atzo saldutako liburuen prezioaren %50a ipini du. Ildo horretan, antzokian izan zirenetako askok aprobetxatu zuten liburua erosteko eta idazleari hura sinatu zezan eskatzeko.



Laster ipiniko dute Che, Aitona! liburua Soraluzen ere salgai: Iratxo Gozo-dendan, Arcelus saltokian eta Tabako Dendan. Oraingoz, Amazonen eskura daiteke.