Gaztelekuan lapurretan egin dute

Ubane Madera 2018ko urr. 24a, 10:06

Armairua zabalik gaztelekuan, atzo gauean.

Udal Gaztelekuan 2.000 euro inguruan baloratutako materiala lapurtu dute. Atzo jabetu ziren gertakariaz, eta poliziari abisu eman. Udaltzaingoa eta ertzaintza bertaratu ziren, eta uste dute leihotik sartu zirela lapurrak. Bertan zeuden aparailu elektroniko ia guztiak eraman dituzte: telebista, Wii-a, jolasak, hiru musika ekipo eta beste. Ikerketa zabalik dago.

Atzo iluntzean, eguaztena, jabetu ziren Udal Gaztelekuan lapurretan egin zutela, bertako begirale bat gaztelekura joan eta hango aparailu elektronikoak falta zirela ikusi zuenean. Lapurreta bera, baina, domeka gauean gertatu zela uste dute.

Apurtu barik

Barrura sartzeko ezertxo ere apurtzeke sartu ziren lapurrak: atea ondo dago, eta baita leihoak ere. Baina hasierako ikerketek emandako zantzuen arabera, lapurrak leiho batetik sartu dira, barrutik leihoetako bat ondo itxi barik laga eta gero. Gainera, gaztelekura sartu denak ondo zekien zer eraman eta non zeuden gauza guztiak gordeta, gaztelekua aldrebestu barik zegoen-eta.

2.000 euro pasa

Hiru musika ekipo, Wiia, telebista, urrutiko aginteak, jolasak, poltsikoko telefonoa, bertan zegoen diru apurra eta beste eraman dituzte; gutxi gorabehera 2.000 eurotan baloratutako materiala. Hori guztia eramateko, gainera, pertsona batek baino gehiagok parte hartu behar izan du lapurretan: gauza handiak eta pisudunak eraman dituztelako.

Planifikatuta

Horregatik uste dute ere, lapurreta aldez aurretik pentsatuta zegoela, lapurrek ondo aztertuta zutela ingurua ere lapurtutako guztia nondik atera eta zela eraman ere planifikatuta zutela.

Atzo, 20:00ak pasa zirela bertaratu zen polizia eta ingurua arakatu eta aztertu egin zuten. Udaltzaina eta ertzainak izan ziren guztia ikuskatzen, hartz markak hartzen eta abar. Ikerketa, beraz, zabalik dago.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.