Zabalik da, berriro ere, Kooperatibako arrandegia

Ubane Madera 2018ko urr. 23a, 10:13

Juan Mari arrainduna arraina saltzen, gaur Kooperatiban.

Uztailaren 16tik itxita egon ondoren, gaurtik atzera ere zabalik da Kooperatibako arrandegia. Juan Mari Gurrutxaga elgoibartarra arduratuko da zerbitzuaz. Eta Kooperatibako ordutegiarekin funtzionatuko du bertako arrandegiak ere. Salbuespen batekin: astelehenetan itxita izango da.

Gaur goizean bertan zabaldu du Kooperatibako arrandegia Juan Mari Gurrutxaga elgoibartarrak, Mariasun Akizu lankidea ondoan zuela. Generoa txukuntzen zegoela, 09:00ak pasata dagoeneko bazuen bezeroa bertan erosteko gertu: “Niretzat erosoagoa da hemen erostea, pasoan dagoelako”, esplikatu du emakumeak.

Goiz eta arratsalde

Aurrerantzean, bada, Kooperatibako beheko solairuan ere izango da arraina erosteko aukera, goizez eta arratsaldez, Kooperatibako ordutegi berberean: martitzenetik barikura 08:30etik 12:30ak arte, eta 17:00etatik 19:45ak arte; eta zapatuetan 08:30etik 13:00ak arte.

2018ko urtarrilean zabaldu zuten eta uztailean bertan itxi egin zuten Kooperatibako arrandegia. Orain, atzera ere zabaldu dute arrandegi zerbitzua, berau hartu zuen enpresaren eta Kooperatibaren arteko tirabirak bideratu ondoren.