"Herri txiki" azaroaren 18an emango dute

Egoitz Unamuno 2018ko urr. 19a, 13:40

Azaroaren 18an emitituko dute Herri txiki infernu handi Soraluzen saioa. Halaxe baieztatu dio gaur ETBk Plaentxia.eus-i. 

Hirurehun herritar baino gehiago batu ziren atzo arratsaldean programak kiroldegian eskaini zuen emanaldia ikustera. 

Guztira, hamar plazentziatar elkarrizketatu dituzte programan: Juan Luis Ugalde Txiketen munstroaz eta Colonen teoriaz azalpenak ematen, Muneta baserriko Joxe eta Madalena gimnasia egiten, Egoitz Unamuno Marrasen berri ematen, Lucio Oruesagasti perretxikuekin, Pedri Lete bere homosexualitatearen berri eman zuenekoaz, Iker Aldazabal udaletxeko ontzaren nondik norakoak kontatzen, Arizaga baserriko Ezozi eta Jose Ramon mexikoko rantxerak dantzatzen ortuan eta aizkorarekin egurra mozten, eta Gregorito Uribe bere izen eta gaitzizenen inguruan berbetan. 

Ezeren gainetik, emanaldi umoretsua izan zen eta jendeak barre egin zuen gogotik elkarrizketatuen eta elkarrizketatzaileen ateraldiekin.

ETBk Plaentxia.eus-i baieztatu dionez, saioa azaroaren 18an emitituko dute ETB1n eta ohiko ordutegian, gaueko 22:15 inguruan.