Azken ukituak

Ubane Madera 2018ko urr. 18a, 14:48

'Herri Txiki Infernu Handi' saiorako muntatzen lanak egiten.

Taula eta pantaila gertu, jarleku guztiak ia ipinita, soinu eta argiztapen tresnen muntatzea bukatzen… ia-ia guztia gertu dago iluntzean Soraluzen Herri Txiki Infernu Handi telebista saioaren grabaziorako. 20:00etan hasiko da. Lucio Oruesagasti, Gregorito Uribe, Juan Luis Ugalde, Pedri Lete, Iker Aldazabal… ikusi ahalko dituzte taula gaineko pantailan kiroldegira sartzeko gonbidapena dutenek.

11:00etan iritsi, eta batzuek kamerekin kalean eta beste batzuek muntatze-lanak egiten kiroldegian, buru-belarri dihardute Herri Txiki Infernu Handi telebista saioko lantaldekoak iluntzerako guztia gertu lagatzeko. “17:00ak alderako guztia prest izango da”, jakinarazi dute.

Protagonistak

Izan ere, 20:00etan hasiko dira saioa bera grabatzen Arane kiroldegiko pilotalekuan. Ezozi Arizaga, Juan Luis Ugalde, Gregorito Uribe, Egoitz Unamuno, Iker Aldazabal, Lucio Oruesagasti, Munetako Madalena, Pedri Lete, Jose Ramon Arizaga… azalduko dira bertan ipinitako pantaila handian. Eta haiek esandakoaren gainean bertan egongo diren 300 herritar pasak zela erreakzionatzen duten grabatuko dute pantaila txikiko emisiorako.