Arane kiroldegiko pilotalekuan grabatuko dute bihar ETB1eko telebista saio umoretsu ezaguna. Ohi duten moduan, bertan proiektatuko dute aurreko asteotan udalerrian grabatzen ibili diren herritarren elkarrizketak.
Herritar ezagunak
Izen batzuk aipatze aldera, Mikel Pagadizabalen eta Zuhaitz Gurrutxagaren galderei erantzuten jardun zuten, Ezozi Arizagak, Juan Luis Ugaldek, Gregorito Uribek, Egoitz Unamunok, Iker Aldazabalek, Lucio Oruesagastik, Munetako Madalenak, Pedri Letek, Jose Ramon Arizagak…
Aforo mugatua
Haiek esandakoak telebista saioko aurkezleen umoreak jantzita ikusteko aukera izango dute, berriz, 300 bat soraluzetarrek, Arane kiroldegiko saioaren grabaziorako gonbidapena eskuratzea lortu zutenek, alegia. Izan ere, berez kiroldegiak duen aforoa mugatu egin zuten biharko grabaziorako.
Kontuak kontu, jakina, laster izango dugu herritar guztiok Herri Txiki Infernu Handi saioaren Soraluzeri dagokion kapitulua pantaila txikian ikusteko aukera; herrikide batzuk kalean eta besteek pilotalekuan egindakoarekin osatuko duten kapitulua.