Finalista Eguna eta baba-jana, aurtengo jarduna borobiltzeko

Ubane Madera 2018ko urr. 16a, 18:22
Mendi taldekoak San Andresen bazkaltzen, 2016an.

Soraluzeko Mendi Taldea aurtengo mendi irteeren azken txanpara ailegatu da. Bi hitzordu baino ez zaizkie geratzen denboraldia amaitzeko: Finalista Eguna (urriaren 21ean) eta Bazkide Eguna (urriaren 28an). Hain justu, Bazkide Egunerako izena emateko azken eguna oraingo asteko eguena da. Iratxo Goxo-dendara jo beharra dago horretarako.

Finalista Egunari dagokionez, Gipuzkoako eskolartekoen topaketa izango da eta oraingo domekan dute hitzordua. Aurten Villabonan elkartuko dira. Bi orduko ibilaldia egingo dute bertan, hamaiketakoa, sari banaketa eta opari zozketa barne.

Soraluzetarrak 08:30ean abiatuko dira Estaziñotik eta 15:00etan irtengo dira Villabonatik etxerantz. Bertaratzeko izena eman beharra dago Iratxo Goxo-dendan, eta eguena da horretarako azkeneko eguna.

Baba-jana

Eta oraingo asteko eguena da, baita ere, Bazkide Egunerako izena emateko azkeneko eguna. Eguna bera, baina, urriaren 28an izango da. Eta egun horretan 8 mendi egin dituzten haurrek (6 Mendi Taldearekin) saria jasoko dute. Horrekin lotutako kartilak entregatzeko azken eguna urriaren 21a izango da.

Bazkide Eguneko irteerarako, berriz, 09:00etan abiatuko dira Estaziñotik. Txurruka –San Andres ibilbidea egingo dute eta gero San Andresen egingo dute bazkaria: baba-jana nagusiendako eta makarroiak aukeran umeendako.

Prezioak honakoak dira: nagusiendako 16 euro eta umeendako 8 euro. Mendi taldetik ohartarazi dutenez, aurreko urteetan egin den moduan, bakoitzak bere plater, mahai tresna eta edalontziak eraman beharko ditu baba-janera.