Goizean goiz abiatu eta iluntzean etxeratu ziren joan den eguaztenean Itxaropena Erretiratuen Elkartearen eskutik Aginagara eta inguruetara irteera egin zuten soraluzetarrak.
Izan ere, egun osoan izan zuten zeregina eta zer ikusia urriko txangoan: Ordiziako erretiratuen etxea bisitatu, tokian tokiko produktuak saltzen zituen azoka ikusi eta Donostian dagoen Tabakalera ezagutu ondoren, Aginagako sagardotegira joan ziren bazkaltzera.
Bertan bapo eta gustura bazkaldu zuten gainera, Iñaki Quintanillak grabatutako bideoak erakusten duen moduan, bazkalosteko kantu eta guzti. Eta bueltan, geldialdia egin zuten Zarauzko malekoian paseatzeko, eta olatuekin “jolasteko”.
100 lagunen topagune
Itxaropenako hurrengo hitzordua, berriz, bihar da, martitzena. Lepo beteko da Soraluzeko erretiratuen elkartea, haragi gisatu lehiaketarekin eta ondoren egingo duten bazkariarekin. 100 lagun pasa izango dira eguerdi-arratsaldean bertan.