Bi maila izango ditu Beldur Barik lehiaketak: 12-17 urte bitartekoena eta 18-26 urte bitartekoena. Eta bien kasuan Beldur Barik lehiaketan parte hartzeko baldintzak berberak izango dira.
Bakarka zein taldeka
Hori horrela, besteak beste, lehiaketara aurkezten diren lan guztiek ikus-entzunezkoak izan behar dute, eta Youtube edo Vimeo plataformak baliatuta aurkeztu behar dira. Gehienez, 5 minutuko iraupena izango dute, eta jakina, lehiaketaren helburua bere baitan erakutsi behar dute: indarkeria matxistaz edo sexistaz ohartaraztea. Bakarka zein taldeka egin daitezke lanak, hori bai, bakoitzak, asko jota, hiru lan aurkeztu ahal ditu.
Ikus-entzunezkoak edozein estilo edo adierazpen artistikotan landu daitezke. Adibide batzuk jartze aldera, bideoklipak, lipdubak, flashmobak, film laburrak, errezitatutako poemak, argazkiak, animaziozko proiektuak… izan daitezke.
150 euro
Sariei dagokienez, berriz, bi mailetan sari bera emango dute: 150 eurona. Sari banaketa azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean (domeka), 18:00etan izango da, Herri Antzokian.
Oro har, Beldur Barik lehiaketaren helburua honakoa da: “Emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen arte-adierazpen mota oro onartzea, baloratzea eta bultzatzea. Lanak errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dira.
Errespetuzko harremanak
Beraz, lehiaketan parte-hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute. Alegia, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, askotarikoak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute. Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da: nesken ahalduntzean oinarritutako gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilek matxismoaren aurka hartutako konpromiso pertsonalak eta kolektiboak adierazten dituena”.
Beldur Barik lehiaketa Emakundek antolatutakoa da eta tokian tokiko aldundiek, udalek zein elkarte feministek babestutakoa eta bultzatutakoa.
Informazio gehiago behar izanez gero, honako bi bide hauetako bat erabil daiteke: 943 75 30 43 (Soraluzeko Udaleko Berdintasun zerbitzua) edo yoana@daiteke.com.