Soraluzerainoko auto ilarak

Ubane Madera 2018ko urr. 12a, 12:59
Auto-ilarak menditik ikusita. Argazkia: Frantziska Iraolagoitia.

Atzo, eguena, Soraluzerainoko auto ilarak sortu ziren AP8 autobidean izandako istripuak eraginda. Soraluzetar bat baino gehiago izan ziren inguruko auto-pilaketaren batean edo bestean harrapatuta. Eta izan ziren baita ere itzulinguruak eginda etxeratu behar izan zutenak.

Atzo 17:30ean, AP8an, Elgoibarren izandako istripuak soraluzetar bat baino gehiago harrapatu zituen tartean. Batzuk autobidetik irten ezinda geratu ziren denbora luzez, Bergaratik Elgoibarrerainoko autobideko irteerak itxi egin zituztelako.

Beste batzuk, berriz, istripuaren abisua ikusita, autobidetik irtetea lortu arren, Soraluzera ailegatzeko itzulinguruak egiten ibili behar izan zuten.

Eta izan ziren ere Soraluzetik Eibar-Elgoibarrerako noranzkoa hartu nahi eta ezinda egon zirenak. Orokorrean, bada, iluntzeak- gauak auto barruan zeudela harrapatu zituen herrikide bat baino gehiago.

Elgetatik

Horren guztiaren adibide dira Frantziska Iraolagoitiak ateratako argazkia eta hark egindako kontakizuna:

”Bilbotik nentorren lagun batekin, eta autopistako kartel digitaletan istripua egon zela abisatzen zuen, eta auto-pilaketak zeudela. Ermuko irteeran irtetzea erabaki genuen eta auto-pilaketak ia-ia irtereraino zeuden (300 bat metro faltako zan irteera ixteko). Eibarren kaletik sartu ginen, (trafikoa oso-oso poliki) Urkizuko plazara heldu ondoren dena geldi zegoen, buelta hartu eta berriz Untzagara joan ginen, handik Elgetara eta Bergaratik Soraluzera. Baina Soraluzen poligonora sartzeko berriz ere autopilaketak zeuden. 6 bat kotxe aurrera joan zirenean polígono nora sartzea lortu genuen”.