80 urtetik gorakoen omenaldirako izen-ematea zabalik, bihartik

Ubane Madera 2018ko urr. 10a, 10:27

Esperientzia Gelaren lehen eskolan bete egin zen Itxaropena elkartea.

Gaur, eguaztena 09:15ean 55 soraluzetar abiatu dira Aginaga ingurura, Itxaropena erretiratuen elkartearen eskutik. Hori dela eta, bertan behera geratu da gaur egitekoak ziren Memoria Tailerraren bigarren jarduna. Bestalde, bihar, eguena, zabalduko dute 80 urtetik gorakoen omenaldirako izen-emate epea.

Gaurko irteerari dagokionez, lehenengo Ordiziako zaharren etxea eta azoka bisitatuko dute soraluzetarrek, gero Tabakalerara joango dira eta ondoren bazkalduko dute Aginagako sagardotegian. Eta bueltan, astirik badute, Zarautzen ere egingo dute geldialdia.

Hain justu ere, irteera hori dela-eta, gaur Esperientzia Gelaren baitan egitekoak ziren Memoria Tailerraren bigarren eskola datorren asteko eguaztenera atzeratu du Alkarri elkarteak. Hori horrela, urriaren 17an izango dute memoria lantzeko hurrengo hitzordua, eta tailer hori astebetez luzatu eta urriaren 31n amaituko da.

100 lagun pasa

Itxaropena elkartetik aldendu barik, jakinarazi dute datorren urriaren 16ko, martitzena, haragi gisatu lehiaketarako 8 bikoteek eman duela dagoeneko izena; beraz, izen-ematea beteta dago; eta jakinarazi dute, baita ere, beteta daudela ondoren egingo duten bazkarirako leku guztiak ere; 100 lagun pasak bazkalduko dute, bada, haragi gisatu lehiaketarako prestatzen dutena. Lehiaketari dagokionez, 10:00etan hasiko da eta sariak eguerdi inguruan banatuko dituzte.

80 urtetik gora

Eta zaharren etxeko jakinarazpenekin bukatzeko, azaroaren 3an 80 urtetik gorako herritarrei omenaldia eta bazkaria egingo diete. Hori horrela, bazkarian parte hartu nahi duenak urriaren 11tik aurrera eman dezake izena, Itxaropena elkarteko bulegoan, martitzenetan edo eguenetan, 11:00etatik 12:00etara. Jakin beharra dago bazkarira bakarrik joan daitekeela izena eman duen pertsonak.