Tamaina handiko argazkiak baliatuta, antzina Soraluze zelakoa zen erakusteko erakusketa ipiniko dute datozen egunotan udal langileek. Soraluzeko Udalak eta Kontrargi Argazki Kolektiboak elkarlanean landutako erakusketa da, 10-12 bat argazki-panelez osatutakoa eta kalean ipiniko dutena.
Antzinako hiltegia eta beste
Alberto Arizagak, Kontrargiko kideak esplikatutakoaren arabera, argazkiak ipiniko dituzte argazkiek eurek erakusten duten irudi edo eraikinetatik gertu: “Egoitzako igogailu inguruan egoitzaren argazkia ipiniko dugu, Santa Ana kalean bertakoa, Euscalduna lantegiarena kiroldegi inguruan, antzinako hiltegiaren argazkia orain anbulatorioa dagoen lekuan, Erregetxeko eraikinarena plazako paretan, orain Kutxa dagoen lekuan lehenagoko etxearen argazkia ipiniko dugu, Gabolatsen ere ipiniko dugu beste panel bat (tabako denda parean) eta Plaza Berriko paretan beste bat, adibidez”.
Oraingoz argazkiak bakarrik ipiniko dituzte, baina mahai gainean badute ere, argazkiekin batera bertan azaltzen denaren gaineko informazioa ipintzea: “Oraingoan ez, baina badugu hori buruan, eta seguru aski aurrerago informazioa gehituko dizkiegu argazkiei”, dio Arizagak.
Abenduan beste bat
Hark gaineratu duenez, berriz, abenduan beste argazki erakusketa bat ipintzeko asmoa du Kontrargik, “argazki bikoitzekin”. Kasu horretan, euren asmoa da erakustea udalerriko hainbat leku lehen zela zeuden eta orain zela dauden.