Soraluze eta soraluzetarrak pantaila txikirako prestatzen

Ubane Madera 2018ko urr. 9a, 10:44
'Herri Txiki Infernu Handi' saioko lan-taldea, gaur goizean Santa Ana kalean.

Aurreko astean moduan, gaur ere Soraluzen dabiltza ETB1 kateko Herri Txiki Infernu Handi saiokoak, grabazioak egiteko eguna dute eta. Goizean Santa Ana kalean jardun dute, Zubi Nagusian, plazan eta udaletxean, eta ibai bazterrean, besteak beste; Muneta baserrian ere izan ziren joan den astean… baina gehiago jakin nahi izanez gero, urriaren 18ra arte itxaron behar.

Parean tokatu diren herritarren ezusterako, kamerak, mikrofonoak eta abarrekoak eskuetan, hara eta hona ibili dira goiz-eguerdi partean Herri Txiki Infernu Handi saioko langileak, Mikel Pagadizabal gidaria tartean zela. Izan ere, kaleko grabazioak egiteaz aparte, hainbat herritar ere elkarrizketatzen jardun du Pagadik telebistako umorezko saiorako.



Horrekin batera, San Ana kalean, Zubi Nagusiko iturriko eskulturaren bueltan (badirudi gustatu egin zaiela berau), ibai bazterrean… ibili dira, Soraluzeren “ezaugarri nagusiak” pantailaratzeko irudiz hornitzen.

Urriaren 18an

Saioa bera, datorren astean, urriaren 18an, proiektatuko dute Arane kiroldegian, frontoian. Bertan parte hartzeko derrigorrezkoa da gonbidapena eskuratzea (kiroldegiko harreragunean). Proiekzioan, 16 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu ahal izango dute, saioaren emisio ordutegia dela-eta (domeketan, 22:00etan), legeak horrela agintzen omen du eta.