Mikel Ostolaza: “Txalaparta ikastaroan praktika eta teoria uztartuko ditugu”

Egoitz Unamuno 2018ko urr. 9a, 08:00

Mikel Ostolaza txalapartaria da eta urteak daramatza soinu-tresna horrekin “engantxatuta”. Zaletasuna zabaldu asmoz, txalaparta-ikastaroa antolatu du urrirako.

Noiztik jotzen duzu txalaparta?

Hamasei urterekin hasi nintzen jotzen, koadrilako lagun batekin. Hura hasi zen ikastaro bat egiten eta neu berarekin. Perkusiozalea naiz eta txalapartak maitemindu egin ninduen.  

Garai hartan, 80ko hamarkadan, oraindik ez zen hain ezaguna. Gerora zabaldu zen gehiago. Gaur egun, topa dezakezu txalapartari bat edozein herritan.

Zer du erakargarria?

Erritmoa, egurra, euskal kulturarekiko lotura… Harrigarria da txalapartak zela erakartzen duen jende gaztea. Hain instrumentu zaharra eta hain modernoa  da aldi berean... Izatez, txalaparta jaio zen sagardogintzako prozesutik, tolaretik, kirikoketatik, eta bihurtu zen festarako tresna, lanaren amaiera iragartzen zuena. Gaur egun hots-tresna banguardistatzat hartzen da.

Asko aldatu da jotzeko modua?

Bai eta ez. Gaur egun badira afinatutako txalapartak ere eta modu askotara jotzen da. Baina txalapartari denok daukagu oso barneratuta,jatorrizko erritmoan dagoela oinarria.

Binaka jotzen den tresna bakarrenetakoa izango da.

Bai, bakarrenetekoa da. Gaur egun, hirunaka eta launaka ere jotzen da, ohikoena biren artean jotzea bada ere.

Garrantzitsua izango da bikote egokia topatzea…

Bai, oso, batez ere, erritmoa uztartzeko. Nik gehien Loiola Maderarekin jo izan dut. Asko gozatzen dut berarekin.

Azken urteotan txalaparta asko entzun dugu herriko aurkezpenetan, omenaldietan… Hori da bere leku naturala?

Egia da ekitaldi politiko eta kulturalak girotzeko jotzen dela askotan. Nik jo izan dut ezkontzetan, hiletetan, enpresa baten urteurrenean, San Juan suan, Olentzeroren etorreran… Baita Bergarako orfeoiarekin ere, edo diskotekan musikarekin. Gaur egun badira sekulako maila duten txalapartariak (Oreka TX, Hutsun, Beltran, Ugarte Anaiak, Kuttunak…) eta txalaparta hutsezko kontzertuak ere eskaintzen dituzte, fusioak ere bai beste instrumentu batzuekin… Txalapartaren lekua zabala da gaur egun.

Nondik sortu zaizu ikastaroa ematearen ideia?

Soraluzen banaka batzuk eskatu izan didate eta neuk ere aspalditik nuen gogoa beste ikastaro bat antolatzeko, azken urteotan jaso ditudan oharrak jendearekin konpartitzeko. Lehenago ere eman izan ditut: Bergaran, Eibarren, Antzuolan... Gaztetxoei, eskolan eta euskara elkarteetan eta.

Zer irakatsiko duzu ikastaroan?

Erritmoa lantzeko ariketa praktikoekin batera landuko dugu teoria ere: txalapartaren jatorria eta historia, euskal kulturarekiko lotura, gorputza eta psikomotrizitatea... Ondo legoke Soraluzen afizioa zabaltzea, eta taldetxo bat sortzea elkarrekin jotzen eta ikasten jarraitzeko.

Ikastaroa

Txalaparta ikastaro praktiko-didaktikoa ikuspegi antropologiko batetik.

Iraupena: 18 ordu. Astean bi eskola, ordu eta erdikoak.

Egunak: Urriaren 29tik abenduak 5era (Astelehenak eta asteazkenak).

Ordutegia: 19:00-20:30.

Tokia: Musika eskola.

Izena emateko epea: Urriak 25 (Plaza mugatuak).

Izena-ematea: 664547367 (Andoni). 

Oharra: Ikastaroa hezkuntza proiektuaren sormen-tailerren barruan eskainiko da.