Edurne Burgoa: "Ikastetxe txikia da, aniztasun handikoa eta uste dut gauza politak egin daitezkeela"

Ubane Madera 2018ko urr. 5a, 13:01

Edurne Burgoa institutuan.

Edurne Burgoa (Ondarroa, 1967) izango da datozen hiru urteetan Soraluze BHI (Bigarren Hezkuntzako Institutua) ikastetxeko zuzendari berria. Zortzi urtez institutuko ikasketa-burua izan ondoren hartuko du zuzendari kargua.

Orain arte zuzendari aritu den Elena Imaz belaunaldi berriei txanda emateko gertu zegoela ikastetxez aldatu zen. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Heazkuntzako ikuskaria Soraluzera bertaratu eta Edurne Burgoa izendatu zuen zuzendari.

 

-          Zergatik izendatu zintuen zu?

-          Ikastetxea ezagutzen nuelako. Nik erantzun nion prest nengoela irakasle berriei laguntzeko. Baina esan zidan ezetz, neuk izan behar nuela zuzendari, eta funtzionariak garenez… azkenean, neu.

-          Zela egingo diozu aurre horrelako izendapen bati?

-          Ni 2004tik nago hemen; plazarekin etorri nintzen. Gustura nago: ikastetxe txikia da, aniztasun handikoa eta uste dut gauza politak egin daitezkeela. Gainera, behartuta nago zuzendari izatera, baina behin egoera onartuta, gauzak ondo egiten ahaleginduko naiz. Ikastetxe hau maite dut, baina gogoa ere badaukat gorputz hezkuntzako eskola gehiago ematera bueltatzeko.

-          Izan ere, zuk IVEF egin zenuen, ezta?

-          Bai, soin hezkuntzan lizentziaduna naiz. Gustuko dudan zerbait da, eta urruntzen nabil hortik, zeren zuzendaritzak lan administratibo ikaragarria dakar. Baina hau tokatu zait eta saiatuko naiz ondo egiten.

-          Zuzendari berriaz aparte, institutuak badu beste berrikuntza garrantzitsua aurten: funtzionamendu berria, ordutegi aldaketa tarteko.

-         Bai, Hauspoa proiektuan sartzea eskatu genuen: 2013an abiatutako proiektua da, 28 ikastetxek eman zuten orduan izena eta orain beste 35 bat ikastetxek. 50 ikastetxetik gora gaude iadaproiektu horretan. Uste dut hori izango dela ikastetxeen etorkizuna.

-         Zer da Hauspoa?

-          Hauspoa proiektuak ematen du aukera ikastetxearen ordutegia gestionatzeko eta ikastetxeko espazioa ikasleei zabaltzeko, eta zelanbait herriari ere. Horrek autonomia ematen digu.

-         Zein modutara?

-          Eskola ordutegia da 08:15-14:15era bitartekoa, eta 15:00etan hasten da Hauspoa. Ostiraletan izan ezik, gainerako egun guztietan zailtasunak dituzten ikasleei laguntza ematen zaie, indartze-saioak ematen ditugu. Horretaz gain, irakasleek lagundutako ikasketa gunea ere bada 15:00etatik aurrera: gazteek bertara ikastera etortzeko aukera dute, edo Internet erabiltzera, talde lanak egitera…  Egunero 16:30ak arte erabil dezakete gune hori.

-         Gainera tailerrak ere badituzue, ezta?

-          Asteazkenetan. Eta garrantzitsua iruditzen zaigu herrian dauden baliabideak erabiltzea. Keixeta guraso elkartekoekin, kirol eta kultura ordezkariekin… egin ditugu bilerak, lantzeko  ea zer egin daitekeen. Adibidez, udan egiten den Robotika Tailerra hemen emango genuke, bertako irakasle batekin. Helburua da herriko jakintza partekatzea eta eskola herrira gerturatzea. Ideiak aztertzen gabiltza. Eta aurten Bizikasi ere landu behar dugu: bullingari eta jazarpenari aurre egiteko protokoloa. Orain arte ere asko landu dugu gaia, beraz, bide horretatik segituko dugu.

-         Zergatik eskatu zenuten Hauspoa proiektuan sartzea?

-         Akaso ni kirol munduan mugitzen naizelako-edo, oso garrantzitsua da niretzat aisialdia, bestelako zaletasun batzuk gestionatzeko aukera izateko: kirola, musika, dantza… Orain,  gazteek ez dute horretarako denborarik. Hauspoarekin, ikasle on batek, nahi badu, 14:15ean bukatuko du eta aukera dauka denbora berak kudeatzeko nahi duenerako: kirola egiteko, musika jotzeko… nik uste dut gazteek ez ezik, gizarteak berak ere irabaziko lukeela kirol, kultura… esparru askotan. Gazteek ikasiko dute euren denbora librea gestionatzen, eta konpetentzietan ere asko irabaziko dute. Orain arte horrela ibili diren ikastetxeetan eskolako emaitzak hobetu egin dituzte.

-         Institututik irtengo gara apurtxo bat, izan ere, esan duzun moduan, kirol munduan mugitzen zara… futbolean, ezta?

-          14 urte daramatzat Athleticeko emakumezkoen futbol-egituran. Gehienetan talde nagusiarekin egin aritzen naiz haien bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisiko modura. Orain bi denboraldi aldaketa eskatu nuen, estu nenbilelako horrenbeste bidaiarekin. Gu ari Athleticen gara emakumezkoekin mutilekin bezala egiten: egitura oso bat, harrobia eta beste. Iaz nesken infantil taldea osatu eta bertako entrenatzaile izan nintzen eta oso gustura ibili nintzen. Baina nagusien mailako nesken bigarren taldeko (B taldeko) entrenatzaileak taldea utzi eta neuri deitu zidaten. Bigarren mailan jokatzen du bigarren taldeak eta orain, hor gaude. Gustuko lana dut, eta militantzia puntua ere badu. Emakumezkoen futbolaren bilakaera guztia ikusi dut-eta barru-barrutik.

-         Eta? Zela dago kontua?

-         Asko aurreratu da, baina oraindik ere asko dago egiteko. Hala ere, bagoaz aurrera.

-         Futbolaria ere bazara?

-         Umetan egin nuen atletismoa, eta ibili nintzen Mutrikun futbolari (erdilari) eta gero entrenatzaile ere. Entrenatzaile ikasketak ere baditut. Mutrikun nengoela Athletic-etik deitu zidaten.

-         Aurten zer panorama duzue Athletic-en?

-         Bada, orain dirua sartzen ari da. Eta talde guztiak badabiltza fitxatzen, atzerritarrak ekartzen…. Baina Athleticen filosofia dela-eta, gure merkatua txikia da eta guretzat zaila izango da liga bat irabaztea, mutilen taldearentzat moduan.

-         Institutura bueltatuaz, zein da Soraluzekoaren erretratua?

-         Baditugu 159 ikasle eta 23 irakasle. 12-16 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen dugu. Ikasgai eta gai batzuk proiektuka lantzen ditugu. Horrez aparte, guretzat IKTak garrantzitsuak dira, zeren eta gazteak horrekin bizi dira eta ezin gara hortik urrundu. IKTak (Informazio eta komunikazio Teknologiak) dira gure oinarri. Sare Hezkuntza Proiektua da hori.