Bi soraluzetar Euskaltzaindiaren mendeurreneko kontzertuaren atzean

Ubane Madera 2018ko urr. 4a, 09:41
Enrike Txurruka eta Iñigo Alberdi atzo, Bilbon, entseguan. Argazkia: Bilboko Koral Elkartea.

Barikuan, euskal abesti ezagunen bertsioekin osatutako kontzertua eskainiko dute Bilboko Koral Elkarteko gazte abesbatzak, Donostiako Orfeoi Gazteak eta Lauko Quartet-ek Arantzazun, 19:30ean. Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan dago kokatuta ekimena, Iñigo Alberdi soraluzetarra antolatzaile dela eta Enrike Txurruka soraluzetarra kantuen moldatzaile.

Pantxoa eta Peioren kantuetatik hasi eta Zea Maysen kantuetara bitartean, euskal kantutegiko mota guztietako doinuak interpretatuko dituzte barikuan Arantzazuko basilikan. Bestela esanda, 70eko hamarkadatik hasi eta XXI. hamarkadara bitarteko kantu ezagun askoak moldatu dituzte kontzertu berezi honetarako. Kantu batzuk aipatzearren, Oskorriren Gaztelugatxe, Benito Lertxundiren Bizkaia Maite, Kortaturen Sarri Sarri zein Gatiburen Euritan dantzan moduko piezak taularatuko dituzte.

60 minutu, 90 abeslari

Hori horrela, 19:30ean hasi eta ordubete inguruz 13 kantuz osatutako errepertorioa eskainiko dute 15 eta 25 urte bitarteko 90 abeslarik, eta bateria, gitarra, baxua eta teklatuak dituen Lauko Quartet taldeak musika jarrita, Mende Berria Kantuz izenburua duen kontzertuan. Kontzertuaren hainbat zatitan, gainera, Maddalen Arzallus bertsolariak bertsoz ere jantziko du ekitaldia.

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizuna izanda, “ukitu modernoa” eman nahi diote kontzertuari eta horregatik aukeratu dituzte euskal kantu klasikoekin batera, rock eta pop estiloko piezak ere. Hori bai, “koralizatu” ahal diren kantuak eta esanahiren bat dutenak izatea ere kontuan hartu dute kontzerturako errepertorioa osatzerakoan.

Bi soraluzetar

Kontzertu honek beste berezitasun bat ere badu: honen guztiaren atzean, banbalinetan, bi soraluzetar daudela: Iñigo Alberdi antolatzaile modura eta Enrike Txurruka kantuen moldatzaile modura (eta Lauko Quartet taldean teklatuak jotzen). 

“Helburua da balorean ipintzea lau gauza: euskara bera, euskal musika, abesbatza gazteak eta abesbatzen arteko elkarlana. Gustatuko litzaiguke ere, landutako partiturak koruetan geratuko direnez, kantu horiek gero koruen zirkuituetan sartzea”, esplikatu du Iñigo Alberdik, Bilboko Koral Elkarteko gerenteak.

Urtebetez zazpi herrialdeetan

Hark gaineratu duenez, hala ere, biharko kontzertuak segida izango du bai behintzat ondorengo urte honetan: “2018ko urritik 2019ko urrira bitartean zazpi herrialdeetako zazpi hiriburuetan eskainiko dugu kontzertu bera. Arantzazukoan izango gara gu eta Donostiako Orfeoi Gaztea eta gero, hiriburuetan, berriz, izango gara gu (Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Korua (gazteen taldea) eta Lauko Quarte-a) eta tokian tokiko abesbatza”, esplikatu du Alberdik.

Bertaratzeko aukera

Alberdik zein Txurrukak, biek ala biek azpimarratu dute kontzertua egokia dela adin guztietako ikusleendako. Doan da, eta gonbidapena behar da bertaratzeko. Edozelan ere, oraindik badago gonbidapena eskuratzerik, bihar bertan ere bai. Aforoa bete arte Arantzazuko basilikaren sarreran gonbidapena eskatu, eta listo.