"Zazpi urte nituen Soraluzera etorri ginelarik (1968) eta kalera atera eta nehori ez nion deus konprenitzen" Ilde Perez

Egoitz Unamuno 2018ko urr. 3a, 19:56

“Castillan sortua, hangoa pixka bat, Soraluzekoa pixka bat eta, orain, denbora gehiago pasatua dut hemen, Amikuzen”. Ildefonso Perez San Jose, “Ilde”, Baxenafarroako Amikuze bailaran bizi da Ostanko herrian. Badira hogei bat urte bertako baserri batean bizi dela, eta hogeitamar inguru, Soraluze laga eta Ipar Euskal Herrira heldu zela. Frailetarako zihoan, baina artoei “lilia” moztera joan zen Amikuzera eta, azkenean, bertan bota zituen sustraiak.

(Almaraz de la Mota, 1961)

“Ni Almaraz de la Motan sortua naiz. Almaraz hitzak nahi du esan non den labrantza leku bat, garia edo garagarra ereiteko. Herrian 1500 hektarea ziren, mendia eta lantzeko lurrak. Baziren 24 familia momentu hartan. Nagusia hil zen, eta ilobek atzeman zuten Valladolideko konstruktore bat eta berak sosa atera zuen problemarik gabe; orduan, bizilagun denek atera behar izan zuten herritik beste leku batzuetara. Gero, bota zuten herri guztia, eliza besterik ez zuten utzi. Handik laster, egin zuten autobia.”

Artoei lilia kentzera

1968an, zazpi urte zituela, familiarekin batera etorri zen Valladolidetik Soraluzera. 11 urte zituela Arantzazura bidali zuten fraile ikasketak egitera; gero, Gernikan, Foruan, Iruñean, Aranda de Dueron (Burgos) eta Bilbon jarraitu zituen ikasketa erlijiosoak. 21 urterekin, ostera, eten egin zuen fraile-ibilbidea. Ordurako, lotura estua zuen Baxe Nafarroako Amikuze bailararekin, eta amikuztar batekin ere bai: “Frantziskanoekin ginelarik Foruan, azken urtean, beti galdetzen ziguten norbaitek nahi baldin bazuen frantsesa ongi ikasi, posibilitatea zela lan egiteko Amikuze eskualdean, artoari lilia kentzen, udan hilabete batez. Ni hasi nintzen etortzen 1979an, eta, gero, urtero-urtero etortzean, ezagutu nuen Josianne, nire emaztea”.    

Laborantzari lotua

Bospasei urte egin zituen Soraluzetik Amikuzera joan-etorrian eta, azkenean, Amikuzen bizitzea erabaki zuen. Hasiera hartan, egurra zizelkatzen egin zuen lan, baina, berehala, Donibane Garaziko lorategi batean hasi zen; azken urteotan bere ofizio bihurtu duen lanean: lorezaintzan. Bitartean, ibili zen nekazal-teknikari moduan ere, behi-hazkuntza sektoreko elkarte batean, baina nahiago zuen “kanpoko lana” eta bere kontura hasi zen frutagintza eta baratzegintzako zerbitzuka eskainiz, kimaketak eta abar: “Ene sehaska laborantzan zen eta beti saiatu naiz horri buruz lan egiten”. Halaxe dihardu gaur egun ere.

Munoa baserria du bizileku bere emazte Josiannerekin batera. Orain dela hogei urte erosi zuten etxea lur-eremu batekin, eta, emeki-emeki, egokitu egin dute. Bertan hazi dituzte hiru seme-alaba: Julen, Laura eta Manu. Horiek ere jaso dute laborantzarako “gostua”, aitaren pozerako: “Beren bizia egiten dute eta denek badituzte baratzeak!”.

Euskal kulturan engaiatua

Euskal kultura-mugimenduan engaiatua da Ilde, parte hartu du, besteak beste,  Burgaintzi eta Bitindarra dantza-taldeetan, Kilimon erraldoien taldean, Donapaleuko ikastolan, Trikamik trikitixa-elkartean (lehendakari), Zabalik euskaltzaleen mugimenduan eta BLE Biharko Lurraren Elkartean. “Kultura gure izaeraren parte bat da edozein lekutan, Castillan, hegoaldean edo iparraldean, eta beti saiatu gara horri buruz joaiten”, dio. Ikastolan ikasi duten seme-alaba gazteek ere jarraitu diote arrasto horri, batez ere, dantza eta musika munduan.

Euskararen hautua

Gaztelera du ama-hizkuntza eta erabiltzen du: “Enfado bat dudalarik eta injurias eta hori dena, beti Españolez egiten dut (barreak)”. Egunerokoan euskara eta frantsesa darabiltza. Gogoan du euskararekin izan zuen lehen harremana: “Zazpi urte nituen Soraluzera etorri ginelarik eta kalera atera –Gabolatsen bizitzen ginen- eta nehori ez nion deus konprenitzen. Salbu castellano bat pasatzen bazen; denek euskaraz ematen zuten lehen hitza. `Baina norat etorri gara, zer da mundu hau?´, guretako beste mundu bat zen. Ene aitaren lagunak baziren pucelanoak eta extremeñoak eta gure munduan beren haurrak ziren, eskolako lagunak-eta. Mementu batez konprenitzen duzu zer den bestea, zaren lekuan ze kultura den, baina horretarako urteak pasatu behar dira. Frantziskanoekin joan nintzelarik hamaika urterekin, hor derrigorrez behar nuen ikasi (euskara). Zeren eta, hizkuntza bezala, egiten genituen hiru edo lau ordu astean. Baziren castellanoak, baina gehienak euskaldunak ziren. Enetako, haustura bat izan zen, leku babes eta castellanoen artean ari izatetik, bat-batean, izan zen como si me hubiesen inpuesto algo. Gerora, denbora anitz eman dut hori barneratzeko. Emeki-emeki joan nintzen euskal kultura eta historia barneratzen. Frankismo garaia zen eta bazen olatu bat. Gero, frantziskanoetatik aterata, banekien euskara nahi nuela hitz egin eta segidan hasi nintzen Soraluzeko AEKn. Berehala pasatu nintzen 3. edo 4. nibelera. Hautatu nituen euskaldun lagunak, beraiekin euskara egiteko kalean. Eta hola bultzatu nuen (euskalduntzea)".

Tarteka, Soraluzera

Urtean hiru-lau aldiz etortzen da Soraluzera, Gaztañerre egunean, Andramari jaietan Valladolidetik bueltan… familia (aita eta anai-arrebak) eta lagunak bisitatzera. Mesedeetako jaietara ere etorri izan da bost bat urtez, Mattin eta Xalbador erraldoiak hartuta, Kilimon taldearekin: “Urretxutik deitu ziguten eta baliatzen genuen aurreko eguna Soraluzen familia bizi dudan auzoko jaietan pasatzeko. Niretzat okasionea zen familiarekin eta lagunekin egoteko, eta festa ereduak konparatzeko”. Aitortu digunez, “ezta sortu hango eta hemengo jendeen arteko harreman esturik, ez Urretxun, ez eta Soraluzen ere”. Etorkizuna, idazteko dago.