Soraluzeko pinudi gehienak ere gaixo daude

Ubane Madera 2018ko urr. 2a, 09:18
Irure bailarako pinuetan dago onddoa hedatuen.

Soraluzeko pinuak gaixo daude, Gipuzkoako pinu gehienen moduan. Gorrituta daude, Lecanosticta acicola onddoak jota. Intsignis (pinus radiata) eta laricio pinuari eragiten dio onddo horrek, eta Soraluzen dauden pinus radiata motako pinudi gehienak erasanda daude.

Manuel Olariagak, Soraluzeko, Elgoibarko, Eibarko eta Mendaroko basozainak jakinarazitakoaren arabera, asko edo gutxi, baina pinu guztiak daude onddoak hartuta: “Gehiena dago Irure auzoan, hori dago iadanik erabat jota. Ernizketa inguruan 30 hektarea dago sei urteko pinuz beteta, eta denak gorritu dira. Beste aldetik, berriz, apur bat hobeto daude, gune batzuek berdetxoago daude, baina hori ere jota dago. Pinu zaharrak gehiago eusten dio; gazteak, berriz, askoz ere azkarrago izorratzen dira. Gehitxoago edo gutxixeago denak daude jota”.   

Bota egin behar

Irtenbide txarra dauka, gainera, arazoak: pinuak botatzea. Eta pinudi jabe asko dagoeneko badabiltza zuhaitz horiek botatzen. Olariagak zera jakinarazi du: “Kaltetuenetatik hasita, bota egin behar dira, balio duen bitartean kendu egin behar dira. Denborarekin ihartu egiten baitira eta orduan ez du batere balio egurrak. Dagoeneko toki batzuetan hasita daude botatzen, batez ere, Txurruka bailara horretan”.


Berotasuna eta hezetasuna

Olariagaren arabera, gaitza lehenagokotik dator, baina orain gaiztotu egin da, zabaldu. Antza, udako klima bero hezeak lagundu dio bide horretan: ”Onddo hori lehendik ere bazegoen, gertatzen dena da orain indarra hartu duela. Iaz Bergaran ez zegoen ezer, ezta Plazentzian ere. Olatua bezala dator, itsasotik gora. 25-30 gradu egin du egunez, hezetasun handia izan dugu eta gauez 15 gradutik ez da jaitsi. Hori izan da onddo horren haztegia”.


Gauzak horrela, horrenbeste urtean pinuak estalitako mendia soildu egingo da, baita Soraluzen ere.