Astelehenean, urriaren 1ean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna da. Testuinguru horretan eta oraingo astean abiatu den Nagusien Biraren barruan, gaur Soraluzen egin dute hitzordua, elkarretaratzea egin eta nagusiek dituzten hainbat eskaera partekatu eta udalerriko agintari nagusiari helarazteko.
Hain justu, Felix Elkoroiribek, Agijupens elkarteko presidente-ordeak eta Itxaropena elkarteko ordezkari Luisa Gantxegik eta Iñaki Quintanillak manifestua eman diote eskura Iker Aldazabal alkateari.
Bertan, “zahartze aktiboa sustatu” nahi dutela azpimarratu dute, nagusiak “ahaldundu”, eta gaineratu dute “garrantzitsua” dela “pertsona nagusiek eros-ahalmena galtzen ez dutela bermatuko duten pentsio duinen sistema publikoa bermatzea”.
Pertsona Nagusien Zinegotzia
Horrekin batera, hainbat eskaera helarazi dizkiote alkateari, batzuk aipatzearren: “erretirodun Zentroekiko harreman instituzional hobea bultzatzea; mota guztietako hesiak ezabatzea; Soraluzeko Udalak Euskadi Lagunkoia proiektuarekin bat egin dezala eta besteak beste, Pertsona Nagusien zinegotzia”.
Astelehenean Eibarren
Bestalde, Elkoroiribek gogora ekarri du astelehenean, urriaren 1ean, Eibarren egin dutela mobilizaziorako eskualde mailako hitzordua: 10:30ean abiatuko dira Azitaindik Untzagara, eta han daudela Eibarko alkate Miguel de los Toyos bertara jaitsi eta manifestua emango diote.