Baserri-bideak, baserritarren postontziak, landa-bideen araudia eta beste, berbagai

Ubane Madera 2018ko ira. 28a, 09:53
Udal ordezkariak eta hainbat baserritar atzo, eguena, egindako batzarrean.

Baserri-bideen egoera, konponketa eta garbiketa, baserrien seinaleztapena, baserritarren buzoiak eta beste berbagai izan zituzten atzo, eguena, Ingurumenaren eta Landa Garapenaren Batzordeak deitutako batzarrean. Bertan izan ziren Javier Garmendia Ingurumen eta Landa Garapeneko batzordeburua, Iker Aldazabal alkatea, Roke Akizu oposizioko zinegotzia eta hainbat baserritar.

Batzarraren hasieran, Javier Garmendia zinegotziak zein Iker Aldazabal alkateak jakinarazi zuten zenbatekoa izan Ingurumenaren eta Landa Garapenaren Batzordeak datorren urterako izango duen diru-partida (60.000 euro), eta zertara bideratuko duten berau. Horrekin batera, esplikatu zuten iaz baserritarrek egindako eskaera batzuk eginda edo bideratuta daudela, eta proposatu zuten gauzatu ezin izan direnak datorren urteko aurrekontuan sartzea.

Egindakoak

Adibide modura, egindakoen artean, jakinarazi zuten Uzkaterako bidearen sarrera konpondu dutela eta besteak beste, orain 20.000 euroko partida dutela Ezozi bailaran hainbat konponketa egiteko: Aldasorotik gorako bideko zuloa tapatu, Mendotzeko errebueltan dagoena ere bai… Era berean, jakinarazi zuten aurtengo elurteek eraginda, bederatzi bider garbitu behar izan dituztela baserri bideak, eta besteak beste, 8.000 euro bideratu dituztela Karakateko parkea garbitzeko.

Egitekoak

Horrez aparte, eta datorren urteari begira, jakinarazi zuten asmoa dutela baserrien seinaleztapena zaharberritzeko, horrela behar den kasuetan, eta seinale berriak egurrezkoak barik metalikoak izango direla ere bai.

Aipatu zuten Barrenetxe baserrirako sarbidea konpontzeko dagoela, eta, horrekin batera, mahai gainean jarri zuten baserritarren postontziekin zerbait egin beharra dagoela. Gaur gaurkoz, orain dauden lekuan egonda, publizitatez gainezka egoten dira, batzuk errebentatzeraino. Eta baserritar batzuek nahiago dute Correosen posta-kutxa izatea. Horrez aparte, badira baserritar batzuk postontziok sekula erabiltzen ez dituztenak, eta hori ere kontuan hartu beharra dagoela.

Ordenantza

Garmendia batzordeburuak adierazi zuen Landa-bideen Ordenantza landu dutela, bereziki, jarduera batzuk arautzeko helburuarekin; esaterako, zehaztu nahi dute, pinuen kamioiak pasatzen direnean eragiten dituzten apurketen aurrean zela jokatu. 

Hain justu, gai horrek eztabaida eragin zuen; hainbat baserritarrek kezka helarazi zuten zentzu horretan, laburbilduz, mendiko errepideen egoera ez delako kaleko errepideena modukoa, eta ondorioz, “erregular dagoena errebentatzea erraza” delako. Bestalde, Roke Akizuk, oposizioak Ingurumen eta Landa Garapen batzordea duen zinegotziak jakinarazi zuen berak badituela ekarpenak ordenantzari egiteko. 


Gauzak horrela, bata eta bestea ikusita, Garmendiak azpimarratu zuen nahiago zuela guztiek ordenantza irakurriko balute eta euren iritzia eman edo ekarpenak egin, desadostasunak eragiten dituen araudia onartu baino lehen. Beraz, orain fase horretan dago Soraluzeko Udalak landu duen Landa-bideen Ordenantza. Parte guztien adostasuna lortuz gero, urriko osoko bilkuran aurkeztuko dute, onespena jaso eta indarrean sartzeko.

Eta batzarrean landu zen bestelako gai bat aipatzearren, baserritarrek kexua partekatu zuten San Andreserako eta Txurrukarako bidegurutzean jendeak lagatzen dituen hondakinengatik. Eskatu zuten, besteak beste, ea ez den posible itxitura batez babestea eremua, bestelako udalerri batzuetan dagoen modura.

Alkateak erantzun zuen kontu horrek konponbide zaila duela, hondakinak lagatzen duen pertsona hori harrapatu beharra dagoelako benetan eraginkor izan nahi bada eta asmoa adierazi zuen Debabarreneko Mankomunitatean gaia komentatzeko, badituelako beste eskaera batzuk baserritarrek egindakoak hondakinekin lotuta.