Pentsioei buruzko ikuspuntuak mahai-gainean

Ubane Madera 2018ko ira. 27a, 15:25

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduaren eskutik, mahaiaren bueltan eseri eta pentsioen gainean jardun zuten herenegun udal ordezkari politikoek. Ia bi ordu iraun zuen Herri Antzokian izandako mahai-inguruak. 50 herritar inguru bertaratu ziren. Eta amaieran, hainbatek galdera zuzenak eta, neurri baten, kontu hartzeak zuzendu zizkieten ordezkari politikoei, bereziki, EAJko eta PSE-EEko ordezkariei.

Mahai-inguruan esandakoa laburbilduz, hiru udal ordezkariek onartu zuten beharrezkoa dela gaur egun indarrean dagoen pentsioen sistema aldatzea. Guztiak bat etorri ziren ere, azpimarratzean gaur egungo lan baldintzak hobetu beharra daudela, langileen kotizazioak dira-eta pentsioen oinarri. Eta guztiak zeuden ados, baita ere, azpimarratzean pentsio duinak eta haien etorkizuna bermatzeko gakoa diru-sarreretan dagoela. Bestela esanda, diru-sarrerak ziurtatu behar direla pentsioak bermatzeko.

Mahai-ingurua abiatzeko mahai-gainean jarri zen galdera honakoa izan zen: Zer da pentsio duina? Eta luze erantzun zuten lehen interbentzioan ordezkari politikoek. Haren ondoren hasi zuten euren arteko eztabaida, edo euren ikuspuntuak mahai gainean jarri eta defendatzen.

Sistema propioa

Laburtuz, EH Bildu koalizioko ordezkari Unai Larreategik Euskal Herriarendako sistema propioa aldarrikatu zuen, eta diru-sarrerak bermatzeko, azpimarratu zuen beharrezkoa dela gizartean dagoen aberastasuna hobeto banatzea.

Transferentziak

EAJ-PNVko Iker Aldazabalek, berriz, legeetan eta ildo horretatik eskumenen transferentzietan oinarritu zuen diskurtsoa. Gogora ekarrita, besteak beste, pentsioetan azkenaldian egin diren hobekuntzak izan direla EAJk orduan Estatuko gobernuan zegoen PPrekin egindako negoziazioei esker.

Toledoko Ituna

Eta Patricia Borinaga sozialistak, berriz, Estatu ikuspegitik, Toledoko Ituna eta Kutxa Bakarraren sistema defendatu zituen, besteak beste. Gaineratuta, lege aldetik ere gutxieneko batzuk ezarri egin beharko liratekeela, pentsioak ziurtatze aldera. Adibidez, Estatuko aurrekontuetan partidaren bat sartuta, zerga jakin batzuk bitartez edo bestela.