238.079,6 eurotan (BEZa barne) esleitu ditu Soraluzeko Udal Gobernuak Errebal kalearen 12 eta 29 atarien arteko zatia urbanizatzeko lanak. 5 hilabeteko iraupena aurreikusi dute lanak egiteko, eta kale zati horren irisgarritasuna hobetzeko plataforma bakarra ezarriko dute.
Hoditeria berritu
Bestela esanda, udalerriko erdigune osoa dagoen modura eta Gabolatseko aldapan egindako modura, espaloia eta errepidea maila berean ipiniko dituzte, “oinezkoei lehentasuna eman eta oinezkoen irisgarritasuna hobetuko duen” plataforma bakarra eraikiz. Halaber, lanok aprobetxatuta, eta Gabolatsen egin zuten modura, lur azpiko ur hodiak zaharberritu egingo dituzte.
Amiantoa
Horrez gainera, Errebal kaleko 14. eta 16. etxeak urbanizazio obrak egiteaz bat botako dituzte. Izan ere, hasierako asmoa zen abuztua aprobetxatzea etxeok botatzeko. Baina bertako tximinia eta ur biltegi batean amiantoa aurkitu zuten (lehenagoko eraikinetan nahiko arrunta da amiantoa aurkitzea).
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako baimen berezia behar da etxeok botatzeko, eta eraiste lanetarako ere kudeaketa berezia egin behar da. Horren guztiaren ondorioz ezin izan dituzte etxeak abuztuan bota, eta orain dena batera egin beharko dute.